Hernaniko Elkarrekin Podemos kezkatuta azaldu da, Kronikan amiantoaren tratamenduaren inguruan argitaratutako albiste baten eraginez. Albisteak jasotzen zuen Hernaniko Udalak Kronikara helarazitako informazioa, eta honakoa zioen: «Hernaniko bizilagunek, amiantoa duten hondakinak Garberako garbigunera (Donostiara) eraman ditzakete, doan, hitzarmen bati esker. Hondakin berezi hauek tratamendu berezia behar dute, eta Hernanin bertan ez dago horretarako baliabiderik. Hilean behin jasotzen dituzte hondakin berezi hauek: hileko lehenengo astelehenetan».
Horren harira, Podemosek uste du amiantoaren tratamendua era egokian egin behar dela, eta ez nolanahi. «Hernanin badira eragindako pertsonak, lan egindako urteen ondorioz material horren eraginpean egondakoak, eta osasunean ondorio larriak dituztenak».
Podemosen ustetan, inork ez ditu ezagutzen amiantoa maneiatzeak eta lekualdatzeak ekar ditzakeen arriskuak. «Horregatik, segurtasun-ohar pare baten falta sumatzen dugu, amiantoa duten produktuak behar bezala manipulatu eta garraiatzeko».
Alderdi moreak, lehenik eta behin, honakoa azpimarratu du: «Hondakin horietako uralitak, zuntz-zementuzko materialak... eskatzen duten tratu berezia adierazi behar da, hau da, amiantoa duten hondakinak».
Albistean esaten zen bezala, material hori Garberara eraman behar da, eta neurriei egingo lieke erreferentzia Podemosen bigarren kezka nagusiak: «Pentsatzekoa da ibilgailu pribatuan egingo litzatekeela, eta, beraz, beharrezkoa da garraioan behar diren neurriak hartzea».