Gipuzkoako 13 abesbatzaren elkargune izango da Hernani, datorren astean. Izan ere, bertan egingo dute Agijupensek antolatzen duen Abesbatzen Topaketa: abenduaren 11n eta 12an izango dira emanaldiak, San Joan Bataiatzailea parrokian.
24garren edizioa izango du topaketak, Agijupensen eskutik. Eta Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteen federazioak Goiz Eguzkiri proposatu zion aurtengoa Hernanin egitea. Horrela, Hernaniko jubilatuen elkarteak hartu du antolaketaren ardura, 2022an federazioan sartu zenetik gaur arteko topaketa guztietan parte hartu ondoren. «Gogoz» heldu zioten topaketa herrian egiteko erronkari, eta «buru-belarri» ari dira lanean, «dena ondo atera dadin».
Gauzak horrela, arratsaldeko 16:30etan hasiko dira emanaldiak hilaren 11n eta 12an; eta egun bakoitzean abesbatza ugari izango dira entzungai parrokian. Ostegunean, honakoak: Arrasateko Abaroa abesbatza, Aretxabaletako Basatxoko, Donostiako Gure Kabia, Beasaingo Gureak, Bergarako San Joxepe, eta Goiz Eguzki bera, Hernaniren ordezkari.
Ostiralean, berriz, beste zazpi abesbatza ariko dira kantuan: Ordiziako Umore Ona, Lezoko Aitona Amonen Borda, Trintxerpe abesbatza, Mutrikuko Anaiarte, Oñatiko Aloña, Irurako Onintza eta Eibarko Untzaga.
Horrela, denera 401 korukide ariko dira kantuan bi egunez, eta «aukera paregabea» aprobetxatzeko gonbitea luzatu die Goiz Eguzki abesbatzak herritar guztiei, topaketaren bi saioetara gerturatu eta abesbatzen emanaldiez gozatu dezaten.