Sentsazio onenekin jarraitzen du Hernanik, eta balio haundia izan dezakeen garaipena lortu zuen atzo eguerdian, Errege Kopako ligaxkaren bigarren partiduan. Akaso ez hainbeste koparako, ligara begira baizik: 29-35 nagusitu zen Sant Cugaten, Ohorezko Elite Mailako liderraren zelaian; eta erakutsi zuen neurria hartu diola talde kataluniarrari.
Trikoloreek partidu ederra jokatu zuten atzokoan, eta nagusi izan ziren, azkeneko minutuetan garaipena ziurtatzeko lan egin behar izan arren. Partiduaren hasieran Sant Cugat izan zen nagusi, eta zigor kolpe eta entsaio bana lortu zituen, hernaniarren bi akats baliatuta (8-0). Hortik aurrera, baina, trikoloreena izan zen aginte makila. Erasoan baloia oso azkar mugituz eta formazioak bikain baliatuz, hiru entsaio lortu zituzten aurreneko zatian; bereziki ederra Arturo Rivasena, Ekaitz Arrozpidek ostikoz emandako pase zoragarria entsaio gunean bertan gozo-gozo jasota. Horrela, markagailuan aurretik joan ziren hernaniarrak atsedenaldira (15-21), eta nagusitasun berarekin ekin zioten bigarren zatiari, laugarren entsaioarekin. Gainera, denak gauzatzea lortu zuen Beñat Arizetak, baita garaipena ziurtatu zuen bosgarrena ere, kataluniarren ahalegin guztiak zapuztuz. Entsaio hori ere, ederra: Arrozpideren beste ostiko bikain bat, Arizetak bildu, eta Anartz Elosegiri pase laburra, korrikaldi azkarrarekin borobildu zezan. Partidua aulkian hasi zuen Elosegik, baina berehala atera zen zelaira, eta partidu bikaina osatu zuen berak ere.
Koparako lau puntu bildu zituen Hernanik atzoko garaipenarekin, eta hirugarren kokatu da B multzoan. Aurretik dauzka La Vila (8 puntu), atzokoan El Salvador menderatu zuena (35-33); eta Ciencias (5 puntu), asteburu honetan atseden hartu duena.
Ligarako, punturik ez. Baina bai konfiantza dosi eder bat.
SANT CUGAT 29-35 HERNANI
Sant Cugat: Castro, Bernaldo, Bidone; Viruez, Pelayo; Hinojosa, Clariana i Josep, Podgaetzky; Garcia, Picole, Serrano, Valls, M.Belsa, De Perez-Cabrero eta G.Martinez. Aulkitik: Gutierrez, Bajon, Casat, Gonzalez, L.Belsa, R.Martinez eta Laverne.
Hernani: Arrillaga, Etxarri, Unzue; Ibabe, X.Garmendia; Diaz de Mendibil, Lukas, Zapiain; Miner, Arrozpide, H.Garmendia, Arrizabalaga, Arizeta, Rivas eta Gonzalez. Aulkitik: Infante, Goikoetxea, Sanchez, Gorrotxategi, Elosegi eta Burugain.
Markagailua: 7. min: Zigor kolpea, Picolek (3-0). 13. min: Entsaioa, De Perez-Cabrerok (8-0). 18. min: Entsaioa Arrizabalagak, gauzatzea Arizetak (8-7). 23. min: Entsaioa Rivasek, gauzatzea Arizetak (8-14). 32. min: Entsaioa De Perez-Cabrerok, gauzatzea Picolek (15-14). 40. min: Entsaioa Zapiainek, gauzatzea Arizetak (15-21). 44. min: Entsaioa Diaz de Mendibilek, gauzatzea Arizetak (15-28). 51. min: Entsaioa Clariana i Josepek, gauzatzea Picolek (22-28). 65. min: Entsaioa Elosegik, gauzatzea Arizetak (22-35). 72. min: Entsaioa Bernaldok, gauzatzea Picolek (29-35).