Irene Arrarats zuzentzaile eta itzultzaile hernaniarra euskaltzain oso izendatu du gaur, Bilbon, Euskaltzaindiak. Euskaltzain osoek bozketa egin zuten Andres Alberdi emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Irene Arraratsek lortu du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Andres Alberdi emeritu izatera igaro zen uztailaren 1ean, 75 urte bete baitzituen egun horretan, eta hilabete horretan bertan zabaldu zen hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek urriko osoko bilkuran, eta gaurko bilkuran izendatu zuten euskaltzain oso hizkuntzalari hernaniarra.
Euskaltzain oso berria kontuan hartuta, gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 12 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia. Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du Arraratsek sarrera-hitzaldia prestatzeko.