Zero Hondakin planeko galdetegian parte hartu dezakete herritarrek

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 28a

Datozen urteetarako hondakinen tratamendua nolakoa izango den prestatzen ari da Udala eta etzira arte, hernaniarrek egungo sistemari buruzko galdetegia erantzun dezakete.

Hernani 2010ean hasi zen atez ateko sistemarekin hondakinen bilketan. Birziklatze datuen hobekuntza nabaria izan da, baina orain Udala 2025-2030 Zero Hondakinen Plaza prestatzen ari da. Baliabideen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko eta indarreko araudian ezarritako prebentzio eta kudeaketa helburuak betetzen laguntzeko asmoz.

«Plan berri honek prebentzioa jartzen du tokiko estrategiaren erdigunean, eta hondakinak kudeatzeko gure sistema hobetzen du helburu», azaldu du Hernaniko Udaleko Hondakinen sailak. Hainbat jarduera-ildo jorratuko dira horretarako: elikagaien xahuketa murriztea; frakzio organikoaren bilketa hobetzea; produktuen berrerabilera eta balio-bizitzaren hedapena, eta herritarren inplikazio aktiboa sustatzea.

Herritarren inplikazioa bultzatzeko asmoz, planak Hernanik dituen behar, lehentasun eta kezkak isla ditzan, herritarren iritzia jakin nahi du Udalak.

Horregatik, udalerrian hondakinak kudeatzeko eta prebenitzeko gaur egungo sistemari buruzko galdetegia prestatu du. «Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da Planaren edukia aberasteko eta proposatutako ekintzek gure komunitatearen errealitateari erantzuten diotela ziurtatzeko».

Herritarrek egungo sistemari buruzko galdetegia erantzuteko aukera izango dute. Inkesta online bidez betetzeko aukera izango da etzira arte: labur.eus/prebentzioplana estekan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!