Hernanin 43 dira, auzokonposta egiteko dauden etxolak. Horietako hamar auzokonpostagailu etxola aldatuko ditu Udalak eta lanak abenduaren 4an hasiko dira. Txandaka aldatuko dira datozen asteetan. Hauek dira aldatuko direnak: Karabelgo parkea; Karabelgo aparkalekua; Elizatxo 1; Etxeberri 2 (Karapote); Montebideo kalea; Gabriel Celaya 1; Latsunbeberri, Ave Maria eta atzekoa; Oarso-Telefonica eta Argarain.
Behin aldaketa egindakoan, horietako lau gune bateratu egingo dira bitan: Karabelgo auzokonposta gunea auzoaren sarreran, Oleta plazaren hasieran, eta Latsunbeberrikoa, kirol pistaren inguruan egongo dira. Aldaketa guzti hauek jasotako eskaerei erantzun eta, efizientzia eta mantenu lanak errazteko egin dira.
Banaka eta txandaka aldatuko direnez, lanak aste batzutan luzatuko dira. Hori dela eta, dagoeneko ezingo dira erabili. Bizilagunek ontzi marroian atera beharko dute hondakin organikoa, dagokion zintzikilagailuan.
Beste batzuk, konponketak eginda martxan jartzen
Auzokonposta guneen egoera dela eta, badira hilabete batzuk udala horiek hobetzeko neurriak hartzen ari dela. Egoera banaka aztertu ondoren, batzuk itxi egin ziren. Egin beharreko konponketak baloratuta, ahal izan den kasuetan udal langileen bidez konponduko dira, eta ezinezkoa den kasuetan, aldatu egingo dira.
Udal langileen bidez konpondu daitezkeen auzokonpostagailuak txukuntzeko lanak ere martxan daude. Honela, Bidebieta 1ekoa, Antziola 3 eta Oleta kaleko guneak konponduta eta martxan daude. Momentu honetan, Lizeaga 4ko giltzak banatzen ari da Hondakinen saila. Hurrengoa konponduko dena Laiztiagakoa izango da. Falta direnak, txandaka konpondu eta irekiko dira.