Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatu du Eusko Jaurlaritzak ofizialki

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 28a

Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatu dute.

Beste neurri askoren artean, izendapenak etxebizitzen alokairua mugatzeko aukera ekarriko du BOEn argitaratzen denean.

 

Eusko Jaurlaritzak ofizialki Hernani bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu berri denez. Izendapen honi esker, beste neurri askoren artean, alokairuen prezioak mugatzeko aukera ekarriko du Espainiako Gobernuak BOEn argitaratzen duenean. 

Hernaniko Udalak pasa den maiatzean eremu tentsionatu izendatzeko prozesua jarri zuen martxan eta atzotik etxebizitza eremu tentsionatua da udalerria. Honek eragin zuzena izango du etxebizitzen maizterretan esaterako. Azken bost urteetan errentamendu-kontraturik indarrean egon ez den higiezinetan errenta mugak aplikatuko dira. Honela, kontratu berriaren hasieran hitzartutako errentak ezingo du gainditu erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera aplikatu beharreko prezioaren gehieneko mugak. 

 

Hiru urtez luzatu kontratua, baldintza berberetan

Izendapena onartu eta BOEn argitaratuta, neurri batzuk hartu daitezke: Bost urteko kontratua amaitutakoan, 3 urtez luzatzeko aukera, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. 

Alokairuaren prezioa mugatuko da kontratu berrietan: kontratu berriak ezingo du gainditu egindako azken kontratuaren errenta. Legeriaren arabera kontratuak %10 igo daitezke, 10 urtetik gorako alokairuetan, edo etxebizitzaren birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin edota irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egin badira.

Kontratu berrien zein indarrean daudenen alokairuaren prezioa mugatu egiten da jabea edukitzaile haundia denean (5 etxebizitza edo gehiago dituenean). Prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.

Azken 5 urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetan alokatzeko kontratu berrien prezioa mugatu egingo da. Prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!