Langileok haustura politikoa

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 27a

50 urte pasa dira Francoren heriotzatik eta data borobil honek efemeride gehiago ekarriko ditu atzetik. Diktadorea ohean hil zen, baina frankismoa hil zenik esatea zailagoa da. 1978Ko abenduaren 6an sinatu zen konstituzioak aurreko erregimenaren jarraipena ziurtatu besterik ez zuen egin. 50 urte beranduago ere erregimen horrekiko haustura politikoa aldarrikatu behar dugu.

Ondorengo urteak trantsizio bezala izendatu ziren arren oinarrizko auzietan ez zen aldaketarik egon. Sistema ekonomiko kapitalistak, nazio ezberdinen zapalkuntzak edota indar errepresiboek bere horretan jarraitu zuten. Erregimenaren aurpegi garbiketa sekulako biolentziaz egin zen gainera, kartzela, heriotza eta tortura bitartez haustura erreala aldarrikatzen zuen langile mugimenduaren aurka. Hausturarik ez eta zuriketa, eta gaur egun berriz ere ari gara autoritarismoaren eta faxismoaren gorakada bizitzen. Ezker instituzionala ez da gai izan tendentzia honi aurre egiteko, bidea zabalik utziz, eta gainera, faxismoari aurre egiteko borondatez dagoen antifaxismoari trabak jartzen dizkio eskubide urraketa zein errepresio bidez.

Kontseilu Sozialistatik uste dugu garaia dela espainiar erregimenarekin eta berau sostengatzen duen sistema kapitalistarekin amaitzeko. Lehen lerroan egongo gara estatu kapitalistek sortzen dituzten injustizien aurka, sozialismoaren eta autodeterminazioaren beharra azpimarratuz. Horregatik, datorren abenduaren 6an, Durangoko kaleak hartuko ditugu, sozialismoaren eta autodeterminazioaren alde, faxismoaren eta 78ko erregimenaren aurka. Langileok haustura politikoa.

 

Axier Mendizabal Goñi
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kidea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!