ITAIAREN A25eko IRAKURKETA
INDARKERIA MATXISTAREN AURKA KALEAK HARTU!
Gaur azaroaren 25a dugu, Indarkeria matxistaren aurkako eguna. Hamaika arrazoi ditugu kalera ateratzeko, eta hemendik aurrera ere urte osoan zehar indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko deia egin nahi dugu.
Izan ere, egunak joan eta egunak etorri gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du; horren adibide ditugu: Iruñeko talde bortxaketa; Zarautzen, Gasteizen, Erandion edo Igorren izandako eraso matxistak; baita indarkeria matxistaren aurpegi ilunenak diren erailketa matxistak, Angelun gizon bat bere bikote ohia hiltzen saiatu zen eta Zarauzko erailketa matxista. 2025ean 6 emakume izan dira erailak. Horiez gain, badakigu isilpean eta ezkutuan beste hainbat eraso gertatzen direla, erasotzaileek inpunitate osoz gauzatzen dituztenak eta erasotuak eraso horiek salatzeko ezintasun handiak dituztenak. Familiako kideren batek edo gertuko pertsonaren batek gauzaturiko erasoak esaterako. Ezin dugu onartu eraso bakar bat ere salatu gabe geratzea. Gu guztion ardura da erasotuak diren emakumeak defendatzea eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea.
Badaude hala ere, indarkeria matxista asmakizun ideologikoa dela defendatzen dutenak. Gizonak ere erasotuak direla argudiatuz, matxismoa ukatzen dutenak. Familia barruan gertatzen dena, familiako arazoak direla esaten dutenak. Gure senarrak, nagusiak, etxe jabeak edo auzokideak erasotzen eta bortxatzen gaituztenean gu exajeratu batzuk garela esaten dutenak. Eskuineko eta ultraeskuineko alderdi eta eragileak ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko- politikoa egiten ari dira. Horrekin batera, gainera, emakume langileon aurkako neurri zuzenak hartzen ari dira: abortuaren aurkako jarrerak hauspotuz edo indarkeria matxistaren aurkako legearen kontrako diskurtsoak zabalduz, besteak beste.
Era berean, alderdi horiek dira erasoak etorkinek egiten dituztenean kasu horiek mediatizaziorako erabiltzen dituztenak. Emakumeok bizi dugun indarkeriak bost axola die! Programa arrazista, klasista eta espainolista indartzea da beraien helburu bakarra. Ozen diogu, ez erabili indarkeria matxista arrazakeria sustatzeko! Eraso ororen aurrean erantzuten jarraituko dugu, erasotzailea dena delakoa izanda ere! Ez dugu onartuko, gure zapalkuntza espektakulurako eta interes partidistetarako erabiltzea. Argi izan dezatela matxismoa elikatu besterik egiten ez duten ideologiek aurrean izango gaituzte!
Indarkeria matxista emakumeok, emakume izate hutsagatik, egunerokoan jasaten dugun zapalkuntza da: konnotazio sexualeko mezuak, ukituak, bortxaketak, baita erailketak ere. Gainera, sare sozialen eta plataforma digitalen garapenak eraso horiek areagotzea eta normalizatzea eragin du, batez ere gazte sektoreetan. Bitartean, emakumeok gara estigmatizatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugunak: polizia etxeetan jazartuak izaten jarraitzen dugu, ospitaleetako protokoloek zaurgarriago bihurtzen gaituzte, epaiketa amaigabeak jasan behar ditugu, laguntza ekonomikoak eta psikologikoak ez dira nahikoak eta berandu heltzen dira, gu gara babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak, kalean seinalatuak garenak edota errudun sentiarazten gaituztenak.
Egoera jasangaitz horretan, alderdi politikoek zein instituzioek egoerari aterabidea emateko duten ezintasuna agerian geratu da: ez dute indarkeria matxistarekin amaitzeko bideorririk mahai gaineratu. Gainera, feminismoaren baitako zenbait sektorek indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena estatu egitura kapitalistaren baitan kokatu dute. Baina azken urteetako politigintza instituzionalak agerian utzi du, matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, egiturazko arazo sozialarekin amaitzeko borondate eta aukera oro alboratuta. Gainera, martxan jarritako proposamenek agerian uzten dute neurri horien irisgarritasun mugatua eta horien kalitate urria.
Indarkeria matxistaren kudeaketaren inguruko eztabaidek ez dute inolako baliorik horrekin amaitzeko proposamen politikorik ez bada mahai- gaineratzen. Indarkeria matxistarekin amaitzeak, langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte ereduarekin amaitzea esan nahi du. Horregatik, Estatu Sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen alternatiba politikoa garatzea da gure hautua.
Gaurdanik norabide horretan baldintzak eraiki behar ditugu: 1) Eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzungo duen indar politikoa eraikiz, 2) Erasotuak izandako emakumeek beren bizitzekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak borrokatuz, 3) kultura matxista horretatik milioika irabazi eskuratzen dituzten industriei, enpresari eta proxenetei aurre eginez.
Jardun horrek guztiak baliagarria izan behar du batetik, gero eta emakume gehiago lan politikora eta antolakuntzara batzeko eta bestetik, gizarte mailan matxismoaren aurkako euste orma indartsu bat sortzeko. Indarkeria matxista amaitzeko aukera bakarra, instituzioetatik kanpo eraikiko den antolakuntza iraultzailea da!