Ostiral honetan 'Haustura garaia: Frankismoaren azken urteak eskualdean' hitzaldia eskainiko dute, 18:30etan hasita, Biteri kultur etxean. Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak antolatu du saioa, eta Oroituz, Andoainen elkarteko kide bat izango da hizlaria.
Hitzaldiak lotura zuzena izango du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak abenduaren 6rako deitu duen manifestazioarekin. Antolatzaileek Kronikari azaldu diotenez, «garaiko testuingurua» ezagutzeko helburua du ostiraleko saioak: «Manifestazioan planteatzen da 78ko erregimenarekiko haustura politikoa. Horregatik, interesgarria iruditzen zaigu garaiko testuingurua aztertzea, Frankismoaren azken urteak nolakoak izan ziren gogoratzeko».
Oroituz, Andoainen elkarteko kideek Buruntzaldeko egoeraren analisia eskainiko dute: «Ondo aztertuta daukate eskualdeko egoera eta testuingurua. Estatuaren partetik izandako biolentzia eta emandako haustura ekarriko dituzte gogora».
Gai horiek landuta, euren aldarriak ulertzeko gakoak eskainiko dituztela adierazi dute Kontseilu Sozialistatik: «Lagunduko du ulertarazten hausturaren beharra aldarrikatzen dugunean zertaz ari garen hizketan».