Urtarrilean hasiko da Auzo Bira eta igande honetara arte egongo da zabalik proposamenak egiteko galdetegia

Libe Murua Masid 2025eko azaroaren 26a

Auzo Bira Urumean, iaz.

Biraren aurretik jaso nahi ditu udalak herritarren eta auzo elkarteen ekarpenak, prozesua «emankorragoa» izan dadin.

 

Igandera arte izango dute aukera herritarrek eta auzo elkarteek aurtengo Auzo Birarako ekarpenak eta proposamenak egiteko. Ekarpena www.hernani.eus webgunean zintzilikatutako galdetegian egin behar da, eta urtarrilean hasiko dira auzoetako lehen bilerak.

Aurten, estreinakoz, Hernaniko Udalak martxan jarri du online bidezko galdetegia, «Auzo Biraren aurretik jaso nahi baititugu herritarren eta auzo elkarteen proposamenak», azaldu du Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak. Formatu aldaketa honekin, herritarrek euren ustez Auzo Birako bileran landu beharreko hiru gai proposatu ahal izango dituzte; baita, auzoari zein herriari eragiten dion gai garrantzitsuena zein den adierazteko aukera izango dute. Jasotzen diren ekarpen eta proposamenetan, komunitateari eragiten dioten gaiak lehenetsiko direla nabarmendu du Lukasek. 

Legegintza honetako hirugarren Auzo Bira izango dela gogoratu du Gobernu Taldeak, eta 2026an emango diotela hasiera aurtengoari. Beste urteetan bezala, herriko auzo guztietan bilera presentzialak egitea da asmoa.  «Udalaren proiektu handienak azaldu, auzo bakoitzean eragin zehatza duten neurriak azaldu eta auzotarren zalantzak, kexak edota ekarpenak jasotzeko» egitasmoa dela azaldu du Lukasek.

Auzo elkarteek ere egingo dituzte euren ekarpenak, horretarako, Udala elkarteetako ordezkariekin bildu da eta auzo elkarte bakoitzak galdetegia modu kolektiboan erantzungo duela aurreratu dute. 

Udaletik, prozesu honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritar guztiei, ekarpena «ahalik eta kolektiboena» izan dadin, eta auzo birak «emankorragoak» izan daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!