Azaroaren 25aren harira, adierazpen instituzionala kaleratu du Hernaniko Udalak

Libe Murua Masid 2025eko azaroaren 25a

Aho batez onartu du adierazpena Hernaniko Udalak, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Jarraian adierazpena osorik:

Azaroaren 25 honetan, eraildako, erasotutako edo diskriminatutako emakume guztiak gogoratu nahi ditugu, bereziki, gerra eta okupazio testuinguruetan. Palestinan, Ukrainan, Sudanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian, Sirian eta beste hainbat herrialdetan sexu-indarkeria, jazarpena eta desplazamendu behartua gerra-arma gisa erabiltzen dira, komunitate osoak suntsituz eta emakumeengan ondorio izugarriak eraginez. 

Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago bizi daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak. 

KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria- egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.

Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adieraziz. 

Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu. 

Horregatik, Hernaniko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du: 

⦁ Hurbiltasun-sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko
elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik
zaurgarrienak konektatzeko.
⦁ Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera- eta integrazio-programak garatzea, tokiko
komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
⦁ Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko. 
⦁ Kanpaina eta kuadrillekin aliantzak garatzea sexuen arteko harreman osasungarri eta bidezko kodeak sortzeko, dibertsitate osoan, kode matxistak eta misoginoak hausteko. 
⦁ Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin
koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa
emateko jarduerak garatzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!