Hernanik galdu egin zuen igandean La Vilaren aurka, Landaren jokatu zuen Errege Kopako estreinako partiduan (40-50). B multzoko lehia izan zen. Bi taldeek erasoko ikuskizuna eskaini zuten, eta etxekoek maila altuagoko aurkariari aurre egin zioten. La Vila Ohorezko Mailan hirugarren postuan dago sailkatuta, baina horrek ez zituen hernaniarrak beldurtu. Erasokor eta ausart, aurre egin zioten Vilajoyosako taldeari.
Partiduak bi zati oso ezberdin izan zituen. Lehenengoan kanpokoek euren maila erakutsi zuten. Patrick Polidoriren taldeak aurrea hartu zuen markagailuan, Anartz Elosegiren entsaio batekin (7-0), baina La Vilak erreakzionatu egin zuen. Entsaioak bata bestearen atzetik lortu zituzten etengabe, eta atsedenaldira 7-38 joan ziren bi taldeak. Bigarren zatia ildo beretik hasi zen, eta lehenengo minutuan 7-43koa igo zuen markagailura La Vilak.
Partidua goitik behera aldatu zen orduan. Galtzekorik gabe, Hernani erasoan min egiten hasi zen. Pixkana-pixkana desabantaila murrizten joan ziren hernaniarrak, eta nahiz eta La Vilaren garaipena inoiz ez izan arriskuan, gorputzean susto galanta hartu zuten valentziarrek. 36 puntuko abantaila izatetik, 61 garren minutuan 15 puntukoa izatera pasa ziren, eta oraindik ere 20 minutu geratzen ziren partidua amaitzeko.
Hala ere, beraien esperientzia baliatu zuten, eta 68garren minutuan lortutako azken entsaio batekin norgehiagokari buelta emateko edozein itxaropen zapuztu zuen La Vilak.
Azken minutuetan Hernanik beste bi entsaio lortu zituen. Anartz Elosegik guztira hiru entsaio egin zituen hernaniarrentzat, Jon Ander Zapiainek, Beñat Iradik eta Xabier Lukasek ere marka bana egin zuten, eta Beñat Arizetak bost gauzatze lortu zituen.
Deigarria izan zen ez zela zigor kolperik gauzatu, eta puntu denak entsaioen bitartez eta ondorengo gauzatzeen bidez izan zirela. Hernanik sei entsaio egin zituen guztira, eta La Vilak, berriz, zortzi entsaio lortu zituen.
Datorren igandean, hernaniarrek Sant Cugat bisitatu beharko dute, Elite Mailako liderra eta ligan Hernani gainditu duen bakarra.
HERNANI-LA VILA
40-50
Hernani: Arrillaga, Unzue, Iradi; Larrarte, Garmendia; Diaz de Mendibil, Eizmendi, Cano; Olivenza, Arrozpide, Gonzalez, Arrizabalaga, Arizeta, San Nicasio eta Elosegi. Aulkitik: Infante, Zapiain, Etxarri, Ibabe, Lukas, Miner eta Rivas.
La Vila: Caini, Gomez, Perez; Hidalgo, Matamoros; Martinez, Perez, Melian; Perez, Vilchez, Redondo, Pandelo, Gomez, Ponce eta Montoya. Aulkitik: Ferrari, Garrigos, Ramos, Lacoste, Caputto, Castro, Ferreyra eta Di Prima.
Markagailua: 9. minutua: Entsaioa Elosegik, gauzatzea Arizetak (7-0). 12. minutua: Entsaioa Gomezek (7-5). 19. minutua: Entsaioa Gomezek, gauzatzea Pandelok (7-12). 21. minutua: Entsaioa Gomezek (7-17). 25. minutua: Entsaioa Pandelok, gauzatzea Pandelok (7-24). 29. minutua: Entsaioa Vilchezek, gauzatzea Pandelok (7-31). 31. minutua: Entsaioa Redondok, gauzatzea Pandelok (7-38). 41. minutua: Entsaioa Redondok (7-43). 50. minutua: Entsaioa Zapiainek, gauzatzea Arizetak (14-43). 58. minutua: Entsaioa Elosegik, gauzatzea Arizetak (21-43). 61. minutua: Entsaioa Elosegik, gauzatzea Arizetak (28-43). 67. minutua: Entsaioa Gomezek, gauzatzea Pandelok (28-50). 76. minutua: Entsaioa Iradik, gauzatzea Arizetak (35-50). 80. minutua: Entsaioa Lukasek (40-50).