Hernaniko Udalak, Lankidetza sailaren bidez, txirotutako herrialdeetan hainbat lankidetza proiektu gauzatzeko laguntza ematen du. Hiru urterako egitasmoak izan ohi dira, eta datorren asteazkenean, azaroaren 26an, pleno aretoan aurkezpenak egingo dira, 18:00etan. Hernaniko Udalak lagundutako bost proiektu aurkeztuko dira, Kolonbian, Venezuelan, Mauritanian eta Argentinan aurrera eramaten direnak.
Bost elkartek euren jarduna azalduko dute: Mugen Gainetik elkarteak Kolonbiako Karibean emakume bakegileekin egiten duen lana; Bakearen Nazioarteko Brigadek Kolonbian giza, ingurumen eta lurralde-eskubideen defendatzaileak babesteko eta nazioarteko akonpainamendurako egitasmoa; Memoria Viva de los Pueblos elkarteak Venezuelako Papelon eta Las Cinco Fortalezas komunan emakume eta gazteen lidergotza sendotzeko egiten duena; Euskadi-Kubak Argentinan emakumeen ahalduntzean egiten duen lana eta Nuadibun (Mauritania) gatazka komunitarioen aurrean kohesio sozialaren sustapenean egiten duena Mundubatek.
Elkarte bakoitzak 20 minutuko aurkezpena egingo du. Ekitaldi irekia da, edozein herritarrentzat. Udalak 244.146 euro bideratu ditu bost proiektu hauetara.