«Kale mailako berraktibazio politikoa sustatu nahi dugu, hor baitago borrokaren potentzialitatea»

Olatz Egaña Otegi 2025eko azaroaren 21a

Amaia Garcia eta Nahia Zurutuza, Itaiako kideak.

Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, mobilizazioa egingo du Itaiak Hernaniko Gudarien plazan, arratsaldeko 18:30etan.

 

«Azaroaren 25ean, matxismoa ukatzen duten eta indarkeria matxista normalizatzen dituzten ideia faxisten aurka zein erasotzaileen inpunitatearen aurka mobilizatuko gara», argi azaldu dute Itaiako kide diren Amaia Garcia eta Nahia Zurutuza hernaniarrek. Horregatik, asteartean arratsaldeko 18:30etan Gudarien plazan egingo den mobilizaziora batzeko deia egin dute.  

Ate joka dugu azaroaren 25a, zer prestatu duzue egun horretarako? 

Nahia Zurutuza: Egunean bertan, mobilizazioa egingo dugu Gudarien plazan, arratsaldeko 18:30etan. Honen harira, egitarau bat ere antolatu dugu: orain arte, mural margoketa bat eta lan eguna egin ditugu. Gaur hitzaldia dugu 11:00etan eta bihar, azkenik, “How to have sex” pelikularen proiekzioa egingo dugu; biak Kontrakantxa gaztetxean izango dira.

Azken urteetan sortu diren alderdi politikoek kaltea egin dute emakumeen 
eskubideetan? 

Amaia Garcia: Gure ustez, instituzioek -alderdi politikoak honen baitan ulertuta- ez dute gaitasun errealik indarkeria matxistarekin edota matxismoarekin amaitzeko, hau kudeatzen saiatzera mugatzen dira. Izan ere, azken urteetan hainbat lege progresista egin dira, emakumeon egoera hobetzera bidean. Baina, hauek ez dira emakume sektore guztiengana iritsi, eta beraz, eskubide formalak izatera mugatzen dira. Orokorrean, gobernu progresistarengan jarrita zegoen esperantzak bete ez direnean, eskuineko alderdiek euren burua 'salbatzaile' gisa aurkezten dute.

N: Ultraeskuineko alderdiek adibidez, indarkeria matxista erabili ohi izan dute gazte magrebtarren aurkako kriminalizazioa sustatu ahal izateko; baina orokorrean ez zaie batere axola emakumeonganako indarkeria, haien gorroto ideiak zabaltzeko ez bada. Beraz, uste dugu gorakada honetan ekarpena egiten ari diren alderdiek bai ekarri ditzaketeela atzerakadak emakumeen eskubideetan eta ardura badutela, noski.

Nola dago gaur egun matxismoa? Nola ikusten dute gazteek hau? 

A: Emakumeon zapalkuntza ukatzeak indarkeria matxista normalizatu eta areagotu egiten du. Zabalpena izaten ari dira matxismoa ukatzen duten ideiak, baina datuek argi diote indarkeria matxistak berdin edo okerrago jarraitzen duela: EAEn aurreko urtetik %8 igo da salatutako erasoen kopurua.

Datu batzuek diote gazteen %25ak indarkeria matxista ukatzen duela. Urgentziazkoa da matxismoaren ukapena zabaltzen duten ideiei aurre egitea, eta bereziki lan egitea gazteongan ideia hauek hedatu ez daitezen.

Matxismoaren aurkako kontzientzia sortzea da zuen asmoa, nola? 

N: Argi dago erronka handia dela eta, bide horretan, eginbehar ugari daudela. Hala ere, gure ustez bi adar nagusi daude, eta guk hauei ematen diegu zentralitatea. Batetik, uste dugu ezinbestekoa dela lan ideologiko bat egitea. Jendea kontzientziatzeko beharrezkoa da auziaren inguruan hitz egitea, matxismoaren eta faxismoaren aurkako diskurtso sendo bat garatuz eta honen aurka antolatzeko deia zabalduz; bai jende artean, bai kale mailan. 

Bestalde, matxismoaren normalizazioari aurre egitea lehentasunezko lan bezala identifikatzen dugu. Errealitatea da indarkeria matxista gure gizartean isilpean gertatzen den auzi bat dela eta, hitz egiten denean ere, gehienetan diskurtsoa zenbaki hutsetara mugatzen dela. Indarkeria matxistarekin lotutako albisteek ez dute apenas inpakturik gizarte mailan, normalizatuta daude. Ezinbestekoa da honi buelta emateko lan egitea, erasoen salaketan lan egitea; eraso bakoitza desnormalizatuz, kale mailan erantzunez, inpaktu hori bilatuz. Eta honekin lotuta, erasotzaileek duten inpunitatearen aurka borrokatzea ere beharrezkoa da. Eraso gehienak inguruko pertsonek gauzatzen dituzte, eta hauek inpunitate osoz egiten dira. Erasoak salatzeaz hitz egiten dugunean beharrezkoa da ere erasotzaileak seinalatzea eta honen aurrean antolatzea.

Beharrezkoak dira 'Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna' bezalako egun seinalatuak? 

A: Garrantzitsuak dira, noski. Baina tamalez azken urteetan, eguneroko borroka horretatik haratago doan egun bat izan beharrean, zapalkuntza horren -kasu honetan indarkeria matxista- aurkako borrokak garrantzia hartzen duen egun bakarra bihurtzen da.
Gure ustez, beharrezkoa da egunerokotasunean lan egitea indarkeria matxistaren normalizazioaren aurka, eta horrelako egun seinalatuak, aldarri hauek gehiago zabaltzeko eta pixkanaka kale mailan galdu duen garrantzia berreskuratzeko erabili nahi ditugu.

 

Militantzia. Esan daiteke aktibazio politikoak beherakada izan duela? 

N: Egia da kale mailako mobilizazioak eta aktibazio politikoak beherakada bat izan duela urte batzuetatik hona; behintzat beste garai batzuekin alderatzen badugu. Desmobilizazioak eta diskurtso despolitizatzaileak zabalpen handia izan duten urte batzuetatik gatoz, eta horren ondorioak ikus ditzakegu.

Hala ere, aldi berean, ikusten ari gara badagoela Euskal Herri osoan zehar militantzia politiko konprometitu baterako apustua egiten duen gazte belaunaldi bat. Eta ikusten ari gara gazte hauek langile klasearen aurka egiten diren erasoei kale mailan erantzun irmoak emateko borondate osoa dutela; izan erailketa matxistak salatzeko, etxegabetzeak gelditzeko edo gure herri eta auzoetara datozen faxistei aurre egiteko. 

Gure ustez ezinbestekoa da kale mailako erantzuna hauspotzea eta gazteen artean aktibazio politiko hori zabaltzea, eta bide honetan, baldintzak eraikitzen joatea geroz eta emakume gehiagok militantzia politikorako pausua eman dezaten. Ideia matxista eta faxistei aurre egiteko gaitasuna duena langile klasearen antolakuntza politikoa da eta horregatik, egiten dugu apustua modu honetan antolatzeko. 

Gaur kalera, baina hemendik aurrera zer?

A: Itaiatik egunerokotasunean oinarritutako lan politikoa egiten jarraituko dugu; erasoak salatzen, matxismoaren aurkako ideiak zabaltzen, eta gero eta emakume langile gehiago politikoki antolatu daitezen baldintzak sortzen saiatzen. 

Gure helburua da indarkeria matxistarekin amaitzea ahalbidetuko duen alternatiba politiko bat eraikitzea. Horretarako, beharrezkoa da instituzioek dituzten mugak seinalatzea. Urte guzti hauetan, argi ikusi dugu instituzioetatik martxan jarritako politikek ez dutela aldaketa errealik suposatu emakume langileon bizitzetan. Izan ere, indarkeria matxistarekin bukatzetik urrun, honen kudeaketara mugatzen dira, ez baitute gaitasun errealik gizartea eraldatzeko. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu instituzioekiko modu independentean antolatzea. 

N: Eta honek, oraindik eta garrantzia handiagoa du bizi dugun testuinguruan. Kale mailan, instituzioetan, sare sozialetan, hedabideetan... ideia faxisten eta matxisten zabalpena agerikoa da, eta arduraz bizi dugu egoera. Beharrezkoa da honi aurre egingo dion indar politiko bat eraikitzea, matxismoa eta faxismoa ahalbidetzen eta indartzen dituen kapitalismoaren eta estatu aparatuen aurka egingo duena. Eta horregatik da, orain arte esan bezala, horren garrantzitsua kale mailako berraktibazio politiko hori sustatzea, hor baitago matxismoaren eta faxismoaren aurkako borrokaren potentzialitatea.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!