Santa Zeziliako kontzertu berezia gaur Musika Bandak, udaletxeko arkupeetan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 21a

Eguerdiko 12:30etan eskainiko dute emanaldia, musikarien eguna ospatzeko. Uztartuko dituzte errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea.

 

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien eguna; eta hori ospatzeko, kale bueltak eta kontzertu bereziak izango dira Urumea bailaran, ohi bezala. Hernaniko Musika Bandak eskainiko du horietako bat, urteroko zitari eutsita, gaur eguerdiko 12:30etan udaletxeko arkupeetan.

Aurtengo emanaldian, uztartuko dituzte errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea, zazpi piezako programan. «Originaltasun eta jai-izaera haundiko lan batekin» hasiko dute kontzertua, Jan Van der Roost konpositore belgikarraren 'Arsenal' piezarekin. Jarraian, eskainiko dute Anne Perez de Azpeitia Hamiltonek Musika Bandarentzat espreski sortutako 'Ex corde' obra. Beste bost pieza ere izango dira entzungai: 'Concierto de Aranjuez' (Joaquin Rodrigo), 'For the President's Own' (John Williams), 'Suite en La' (Julio Gomez), eta 'The Clearing' eta 'Quarter Master', biak ere Michael Leaguerenak eta Mikel Gabiola Lenizek moldatutakoak. Gainera, Mikel Perurena perkusio-joleari omenaldia egingo diote, Bandan 25 urte bete dituelako.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!