1975eko azaroaren 20an entzun zuten herritarrek iragarpen hura, Arias Navarroren ahotik: «Españoles, Franco ha muerto». Lau hamarkadatako biolentzia, errepresio eta zapalketaren ondoren, garai berri baterako esperantza piztu zuen albiste hark, herritar askoren artean.
Irati Zuriarrain Asurmendik sakon ikertu ditu Hernanin izandako gertaera krudel eta tragiko haiek, azkeneko urteotan. Maiatzean aurkeztu zuen 'Hernani 1936-1959' liburua: 700 orrialde, bi tomotan banatuta. Berarekin hitz egin du Kronikak, Francoren heriotzaren urteurren borobilean.
Ostegunean bete ziren 50 urte Franco hil zela. Zer datorkizu burura egunotan, horri buruzko aipamenak entzutean?
Burura datorkidan lehenengo gauza familia-oroitzapen bat da: amonaren etxean egun hartan pozez hartu zen berria, beste etxe askotan bezala. Erreakzio horrek ondo islatzen du gizartearen zati haundi batentzat zer izan zen Francoren heriotza. Jende askorentzat lasaitasun eta esperantza unea izan zen, akaso, garai berri bat hasiko zelako sentipena. Horregatik, oroitzapen horrekin batera datorkidan ideia da diktadorearen heriotzak ez zuela diktaduraren amaiera ekarri. Frankismoaren aparatuak funtzionatzen jarraitu zuen urte askoan, eta Trantsizioak ere jarraitutasun asko erakutsi zituen.
Zentzu horretan, urteurren honek, heriotzaz beraz baino, diktadura izan zenaz eta ondoren etorri zenaz pentsarazten dit. Hala ere, dudarik gabe, urteurrenak garrantzitsuak dira gizarte garaikideetan: aukera sortzen dute memoria lana egiteko, erreklamaziorako, hausnarketa kolektiboetarako eta borrokarako. Urteurren hau, niretzat, ildo horretatik doa.
24 urte beranduago jaio zinen zu, baina Gerra Zibilari eta Frankismoari buruzko ikerketa sakonean murgilduta egon zara azkeneko urteotan. Zertan aldatu da zure ikuspegia garai horrekiko?
Bada, eskolan ikasten dugunetik unibertsitateko edukietara, eta handik ikerketa mundura zeharo aldatu da nire ikuspegia. Nire kasuan, errepresio eta biolentzia frankistan gero eta gehiago murgildu ahala, konturatzen zara uste baino askoz konplexuagoa eta multidimentsionala izan zela. Era berean, dimentsio horietako askotara iristea zein zaila den konturatzen zara, eta zenbat geratzen den oraindik ikertzeko.
Urteak pasa ahala, belaunaldi berrietan gero eta lausoagoa da gertaera haiekiko ezagutza. Zuk ere nabari duzu zure adin ingurukoen artean? Ezezagutza haundia daukagu Frankismoaren inguruan?
Bai, nabari dut, baina are gehiago generazio gazteagoen artean. Duela gutxi irakurri nuen albiste bat non adierazten den DBH amaitzean ikasleriaren artean frankismoaren inguruan dagoen ezezagutza. Besteak beste, errepresioa ez da ia aipatzen, borroka antifrankista ez dute ezagutzen eta kontzeptu asko ez dira sartu ere egiten ikasgeletan. Hala ere, ez nuke esango hezkuntza sistemaren arazoa dela soilik, estrukturala da.
Gainera, ezagutza falta hau bat dator egungo testuinguruarekin, non diskurtso zein praktika faxistak sektore gazteen artean ere gero eta leku haundiagoa duten. Ez da iraganera itzultze bat, baina bai iraganaren ulerkera eta erabilera bat. Horrelako diskurtsoek frankismoaren irudi desitxuratu baten apologia egiten dute, eta oihartzuna aurkitzen dute, neurri batean, ezjakintasun historiko sakona dagoelako.
Zein neurritan dakigu nolako garaia izan zen hura gurean? Zenbateraino dakigu zer bizitu zuten inguruan ditugun edo izan ditugun horiek? Gure aiton-amonek, adibidez...
Orokorrean, uste duguna baino gutxiago. Eta, galdera honekin, ikuspegi historiografikoa ere badatorkit burura; izan ere, historia ez da inoiz argazki finko bat, iheskorra da. Gure helburua iragana konplexutasun osoan ulertzen saiatzea izan behar da, baina onartuz beti daudela itzalguneak. Garai honekin ere berdina gertatzen da, eta ofizioaren berezko mugei gehitu behar zaizkie hainbat hamarkadetan markatu zuten memoria-errelato hegemonikoak; dokumentaziora iristeko oztopoak eta, jakina, garaia bizi zutenen desagerpen fisikoa, testigantzen funtsezko zati bat gabe uzten gaituena.
Hala ere, historiografiatik pixkanaka bagoaz alderdi berriei heltzen, diktaduraren eguneroko esperientzia adibidez: gosea, beldurra, bigilantzia, botere-egitura lokalak eta abar. Horregatik da hain garrantzitsua tokian tokiko historia ikertzen eta berreskuratzen jarraitzea, aukera ematen duelako errealitate horietara hurbiltzeko.
Hernaniko kasua aztertu zenuen zehazki, izen-abizenekin eta gertaera jakinekin. Oso gertutik ezagutu duzu zer izan zen garai hura. Zer sentiarazten dizu orain, hilabete batzuk pasata?
Egia esanda, ikerketan buru-belarri nengoen unean, ikertzen ari nintzen herritarrak ezagutzen nituenaren sentsazioa sentitzera iritsi nintzen, nolabait. Hainbeste ordu pasatzen dituzu haien informazioa bilatu eta irakurtzen… Eta, denborarekin, konturatzen zara gure oroimena ere zein hauskorra den: xehetasun asko ahaztu egiten zaizkit jada, liburura jo behar dut gogoratzeko. Aldi berean, beste sentimendu bat agertzen da: oraindik gauzak egiteko geratzen denarena. Lana amaituta begiratzen duzunean konturatzen zara zenbat alderdi garatu nahiko zenituzkeen, zenbat lerro berri irekitzen diren eta zenbat informazio argitara atera gabe egongo den oraindik.
Gertaera krudel eta tragiko askoren berri jaso duzu. Zer izan da gehien inpaktatu zaituena?
Zaila da istorio bakar bat aukeratzea, baina sarritan ixilean geratzen den alderdi bat da haurrekin ihes egin zuten emakumeena. Kontxi Caraccioloren testigantzak, adibidez, islatzen du emakume askok bizi izan zutena: ihesa, erbestea, galerak, biolentzia eta arbuio soziala. Kontxiren amak (Juanita Zuaznabar) Hernanitik ihes egin zuen lau seme-alaba txikirekin, haien etxe ondoan bonbak erori ondoren. Gipuzkoa, Bizkaia zein Kantabria zeharkatu ondoren, azkenean, Frantziara itsasoratu ziren. Upeltegian pilatutako emakume eta haurrak baino ez zihoazen itsasontzia zen. Frantzian bere bi anai-arreba txiki hil ziren bidaiaren baldintzen ondorioz. Handik banandu egin zituzten: neskatilak kuartel batera, ama bakarrik, babesleku batetik bestera, bonba fabriketan lanean, odol ospitaleetan, gosea pasatzen, mugak behin eta berriz zeharkatzen. Denbora luze baten ostean amarekin elkartu zirenean, hain zeuden aldatuta, ez zutela berehala elkar ezagutu.
Gainera, Hernanira itzuli zirenean aurkitu zutena etxe huts bat izan zen: altzari, tresna eta aurretiko ezer gabe. Horri gehitzen zaio, gainera, bigilantziaren eta etsaitasun sozialaren dimentsioa. Guardia Zibilak kontrolatzen zuen amaren mugimendu bakoitza, eta hilabeteetan agertu behar izan zuen, umiliazioak jasoz. Gainera, inork ez zuen kontratatu nahi miliziano baten alarguna izateagatik, eta edozein lan onartu behar izan zuen alabak aurrera ateratzeko. Kasu honek oso ondo islatzen du gerra ostean hainbeste emakumek erbestean eta itzultzean bizi zuten errealitatea.
Ia 700 orrialde dauzka zure liburuak, soilik 24 urtetako Hernaniko historia bilduta. Zer kontatua eta zer transmititua badagoela, zalantzarik ez dago. Baina kameraren objetiboa urrundu eta Frankismoa lerro gutxitan deskribatu beharko bazenu, zer kontatuko zenuke?
Kameraren objetiboa aldenduta, liburuko 24 urteez gain Frankismoa bere osotasunean ikusiko nuke. Eta, azken batean, hori da izan zena: etenaldirik izan ez zuen errepresio eta dominazio garai bat. Herri bakoitzeko errealitate zehatzetik haratago, hori da: hamarkada luzetan gizarte oso bat diziplinatu nahi izan zuen sistema bat, haren irismenetik kanpo eremurik utzi ez zuena.
Errepresioa eta zapalkuntza sekulakoa izan zen Hernanin. Esango zenuke bereziki zapaldua izan zela, beste herri batzuekin alderatuta?
Ez zait halako konparaketak egitea asko gustatzen ikerketa-helburuekin ez bada. Alde batetik, giza dimentsio sakonez ari garelako. Eta bestetik, zifretan oinarritzen baditugu, hauek zehaztugabeak eta konplexutasun osoa hartzen ez dutenak dira. Badaude zenbaezinak diren errepresio eta biolentzia motak.
Hori bai, baiezta dezakegu Hernanin errepresioa bortitza izan zela oso; izan ere, hainbat faktore batu ziren herri honetan: aurretiko ehun politiko eta sindikala, 1934ko greban parte hartzea, mugimendu nazionalistak eta langile mugimenduak izandako indarra, besteak beste. Horrek guztiak lehentasunezko helburu bihurtu zuen Hernani erregimen berrirako, eta mekanismo errepresiboen konbinazio bereziki gogorra aplikatu zuen herrian.
Asko eta asko izan ziren erbestera jo zutenak. Liburuaren aurkezpenean azaldu zenuenez, Hernanin
erroldatutakoen %34,16 zeuden erbestean 1936ko abenduan. Ikaragarria da datua...
Bai, datu oso gogorra da, baina batez ere oso adierazgarria. 1936ko abenduko erroldaren arabera, Hernaniko biztanleriaren % 34,16 (2.338 pertsona) ez zegoen herrian. Eta garrantzitsuena da ulertzea absentzia horrek zer esan nahi duen: ez dira mugimendu hutsak, baizik eta ihesa eta eguneroko bizitzaren desegituraketa eta erabateko haustura. Gainera, ehuneko hau ez zuten soilik erbestean zeudenek osatzen, baita hildakoek edo beste arrazoi batzuengatik (kartzela, kontzentrazio esparruak) herritik kanpo zeudenek ere bai.
Lehen alean adierazi nuen gerrak aurrekaririk gabeko disrupzioa eragin zuela dinamika urbanoan. Hain zuzen, gerra hasi ondorengo errolda bat edukitzeak informazio asko eman zigun ikerketa aldetik. Adibidez, zein izan ziren gehien hustu ziren auzoak: Florida langile auzoan, adibidez, %56a baino gehiago kanpoan zegoen une honetan. Eta zifra horren atzean oso istorio desberdinak daude: Bizkaia edo Santander aldera ihes egin zuten familiak, Frantziara igaro zirenak… Halaber, Hernaniko 250 haur baino gehiago Belgikara, Frantziara eta Britainia Handira eraman zituztenak, 'gerrako haur' gisa.
Egoera antzekoa zen inguruko herrietan ere?
Herri bakoitzak baditu bere konplexutasunak, eta esango nuke gero ikusten ditugun errealitateak oso lotuta daudela leku bakoitzean Errepublikan gertatu zenarekin: antolaketa politiko eta sozial mota, mobilizazioa, aurreko gatazkak… Hala ere, ez da ezer ziurtzat jo behar, leku bakoitzak bere ikerketa behar du.
Jasotako testigantzetan, zer da gehien nabaritu duzuna garai haiek oroitzean? Amorrua, tristura, etsipena, beldurra…
Pertsona bakoitzak toki ezberdinetik kontatzen du bizitakoa, familia berdinaren barruan ere bai. 'Berdina' bizi izan zuten pertsonek era ezberdinetan eta emozio ezberdinekin hitz egiten dute, eta horrek oso ondo erakusten du memoria zer den. Kontakizun batzuetan duintasuna agertzen da, beste batzuetan bizirautearen harrotasuna, baina baita pena eta tristura esplizitua ere. Eta ahaztu gabe, oraindik ere testigantza ematera edo gaiaz hitz egitera ausartzen ez direnak badaudela.
Errepresioa eta zapalkuntza azaleratu eta biltzea izan da zure ikerlanaren helburua. Baina Frankismoaren aldekoak ere baziren Hernanin, baita Frankismoaren mesedea jaso zuten familiak ere…
Bai, noski. Eta alderdi hori kontutan hartu eta ikertzea funtsezkoa da, ulertzeko erregimena herrian nola finkatu zen. Errepresioa haundia izan bazen ere, erregimen berriari lagundu eta botere-egituretan sartu zen sektore bat ere egon zen, dela konbentzimenduz, dela oportunismoz. Udal-eremuan, adibidez, familia politiko eta tokiko kargu jakin batzuek zeregin aktiboa izan zuten ordena berriaren ezarpenean. Era berean, depurazioen ondoren hutsik geratu ziren udal karguak, administrazio lanpostuak edo enpleguak bete zituzten pertsonen kasuak ere. Herritar batzuk beren borondatez mobilizatu ziren indar frankistekin. Eta, gainera, bizilagun askok beste batzuen aurkako salaketa edo lekukotza jarri zuten. Salaketa horiek, gerra kontseiluak, garbiketak eta zigorrak elikatu zituzten. Beraz, bai, biktimekin batera kolaboradoreak eta onuradunak ere egon ziren.
Erorien Monumentua (Monumento a los Caidos), 1952an Hernaniko Gudarien Plazan; Plaza de España izena zuen garai hartan. Hernaniko hilerrira mugitu zuten monumentua gerora, eta 1972an leherketa baten bitartez suntsitu. Indalezio Ojanguren Arrillagarena da argazkia, Gure Gipuzkoa proiektuak gordetakoa. 'Hernani 1936-1959' liburuan jaso zuen horren berri Irati Zuriarrainek.
Datorren urteko maiatzean izango da beste urteurren borobil bat: 90 urte beteko dira altxamendu frankistatik. Gerra Zibilaren hasiera bereziki gogorra izan zen Hernanin: hilerrian 200 lagun inguru fusilatu eta ezkutuan lurperatu zituzten…
Urteurren honen inguruan pentsatzean, ezinezkoa da fusilamendu masibo hauek gogora ez ekartzea. Hilerria fusilamendu masiboen eta lurperatze klandestinoen leku bihurtua. 200 pertsona baino gehiago hil zituzten han bertan lehenengo hilabeteetan. Eta, hala ere, handik urte gutxira, erregimenak espazio horren gainean bere kontakizun propioa altxatzea erabaki zuen. 1938ko maiatzaren 12an, Udaletxe frankistak Espainia Plaza izendatutakoan 'Erorien monumentua' eraikitzea onartu zuen. Mezua argia zen: hildako legitimo bakarrak haienak ziren. 1949an, hainbeste pertsona hobiratu zituzten hilerri berera mugitu zuten monumentua.
Ofizialki, ezin izan zen eraildakoen omenaldirik egin 1977ko azarora arte. Hala ere, ixiltasunak ez zuen oroimena ezabatu, ez zuen amnesiarik ekarri. Lehenik, ez zen beti ixiltasuna egon; erreibindikazio ahotsak egon ziren maila publikoan, xuxurlak zirkulu pribatuetan. Batzuentzat, estrategia gertaerak ixilpean eta ahanztura-saiakeretan gordetzea izan zen, ahanzturara baztertzeak mina eta izua arindu baitezake batzuetan. Bestalde, beste gizabanako batzuek egia ezkutatu egin behar izan zuten, errepresalien beldurrez aparientziazko kontsentsua mantentzeko presioz. Hala ere, ezarritako ixiltasun honen erdian, memoria-erresistentzia zantzuak ere agertu ziren: hilerrian hildakoei loreak ezkutuan jartzea edota gobernadoreari bidalitako gutun anonimoa. 1942an pertsona anonimo batek Gobernadore Zibilari idatzi zion gutun batean honako esaldia aurkitu nuen, hain zuzen ere: «¿Es que usted se creía que haría desaparecer su memoria como han hecho desaparecer sus cuerpos? Está usted completamente equivocado».
Adierazpen guzti hauek, sarritan diskretuak edota irismen mugatukoak izan arren, erresistentzia-ekintzak izan ziren erregimenak ezarritako ahanzturaren aurrean. Diktaduran zehar erresistentzia eta oposizioa garatu heinean jazotakoa argitzeko eta bestelako oroimenen aldarrikapenak ere sortu ziren. Horren adibide litzateke 1972ko abuztuaren 23an leherketa baten bidez Hernaniko erorien monumentua suntsitu izana.

