Oroitzen al dituzue Lazkao Txiki, Fernando Amezketarra edota Kalabaza tripontzia bezalako pertsonaiak? Zuetako askoren haurtzaroko zein nerabezaroko liburuetako, komikietako eta marrazki-bizidunetako protagonistei irudia jarri die Jose Angel Lopetegi 'Lope'k. Sortzen eta sortzen aritu da umea zenetik, hori baita bere pasioa eta ofizioa. Bere lanari esker irudikatu ahal izan ditugu gaur egun euskal komikiarentzat zein ilustrazioarentzat erreferente diren hamaika pertsonaia eta istorio. Lezon jaiotakoak Joseph Camino saria jasoko du gaur eta, hari horri tiraka, berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Nola hartu duzu Joseph Camino saria jasotzearen berria?
Ez nuen sinesten. Otsailean deitu zidan Dani Fanok horren berri emateko, eta uste nuen nire telefono zenbakiarekin nahastuta zegoela. Gogoan dut erantzun niona: «Dani, sari hau ni baino gehiago merezi duten komikigile asko daude». Baina, espero ez banuen ere, zalantzarik gabe, hau aitortza da, eta oso eskertuta nago. Oso garrantzitsua da niretzat sari hau jasotzea.
HernaniKomik bezalako ekimenek zer garrantzi dute, zure ustez, euskal komikigintzarentzat?
Garrantzia, noski, badute. Gustatuko litzaidake esatea bultzada ere badirela. Hala ere, ikusten dudanarekin, mota honetako gero eta ekimen gehiago egiten dira hemen, Euskal Herrian, eta baita estatuan ere; baina, gero, salmentetan, ez da hori gehiegi nabaritzen. Manga edo superheroien komikiak izan ezik (batez ere mangarenak), beste guztiak oso-oso gutxi saltzen dira. Euskal Herrian, behintzat, badakit hori horrela dela. Eta, estatu-mailan, ziurrenik, salmenta baxuagoa da.
Komikien irakurketaren kontsumoa, beraz, jaitsi egin da?
Bai, zalantzarik gabe. Duela 30 urte izan zen zen piko handienetarikoa, eta asko jaitsi da ordutik. Dena den, komikiak bizirik jarraitzen du, eta hori da onena.
Zure kasuan, beti izan duzu komikigintzarako interesa?
Bai, komiki asko irakurtzen nituen umetan. Marrazten ere oso txikitan hasi nintzen, Mortadelo eta horrelako pertsonaiekin. Oso-oso argi nuen marrazkilaria izan nahi nuela. Nire lagun bat ere oso trebea zen horretan, eta biak elkarrekin aritzen ginen. Adibide bat ematearren, bion artean sortu genuen orrialde gutxiko aldizkaritxo bat, txisteekin eta komikiekin. Eta, horrela, pixkanaka-pixkanaka, bidea egiten hasi ginen.
Horiek izan ziren, beraz, zure hastapenak.
Bai. Institutuan nengoela ere, 16-17 urterekin, lehengusu batek esan zidan irratian entzun zuela sortu berri zen argitaletxe batek marrazkilaria behar zuela. Eta, beno, deitzera animatu nintzen. Erein zen argitaletxea, eta aipatu zidaten komiki aldizkari bat argitaratu behar zutela: Ipurbeltz. Hautaprobara joan nintzen, orri batzuk marraztu behar izan nituen, eta ni hautatu ninduten. Horrela, oso gazte hasi nintzen nire marrazkiak argitaratzen eta, gainera, lan horregatik kobratzen.
Ipurbeltz aldizkaria euskal komikigintzaren mugarri garrantzitsua izan zen. Nolakoa izan zen proiektu horretan lan egitea?
Oso polita, eta asko ikasi nuen. Zure lana kioskoetan, liburutegietan… argitaratua eta paperean ikustea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Izan ere, modu horretan, emaitza aurrez aurre ikusteko aukera izan nuen. Izan ere, lanak argitaratzen badira, ikusten duzu nola gelditzen den marraztutakoa. Gauza bat da etxean zuk sortzen duzuna eta zure lagunartean erakusten duzuna eta, beste bat, oso ezberdina, promozionalki argitaratzen dena. Horrek zure marrazkia eta estiloa hobetzeko aukera ezin hobea ematen dizu. Beste autore batzuk ezagutzeko aukera ere ematen dizu lanak publikatuta ikusteak, eta hortik ere asko ikasten duzu.
Ipurbeltzez gainera, zure izen-abizenen atzean daude euskal komikigintzaren zein marrazki bizidunen obra asko. Nola bizi duzu hori?
Aitzindarietako bat izan nintzela esan genezake. 20 urterekin, Juanma Berasategik deitu zidan Euskal Herriko marrazki bizidunen lehenengo luzemetraila egiteko proposamenarekin. Kalabaza tripontziaz ari zen. Hortik aurrera, proiektu asko egin genituen: laburmetrailak, luzemetrailak, publizitatea… Oso pozik nago egindakoarekin.
Juanmaren deiaz geroztik, urte asko eman nituen horretan. Egunero 30-50 marrazki inguru egiten genituen. Garai hartan, pantailan ikusten zen segundo bakoitzerako, 12-18 marrazkiren bueltan behar izaten ziren. Hortaz, pentsa, marraztu eta marraztu aritzen ginen etengabe. Lehen, gainera, lapitza eta papera genituen bakarrik. Orain gauza asko aldatu dira, dena digitalizatua dago. Baina, duela urte batzuk, gutxienez 30 profesionalez osatutako taldea behar izaten zen horrelako proiektuetarako. Gaur egun, ordea, esango nuke 10 pertsonarekin nahikoa dela.
'Lope'ren lanaren erakusketa ikusgai dago Biteri kultur etxeko aretoan, gaur arte.
Zein zen garai hartako giroa euskal komikigintzan?
Mugimendu edo komunitate baten parte ginela bagenekien. Hastapenetan, batez ere, oso talde txikia ginen. Kukubiltxorekin hasi ginen eta, gero, hori luzatuta, Kalabaza tripontzia sortu zen. Taldeko kideek bagenekien zerbait berezia egiten ari ginela eta eskola sortzen ari ginela. Gainera, ez geunden bakarrik. Proiektu horren atzean, babesa ematen, beste hainbat izen zeuden: Juanma Berasategi zen gidaria, eta hor zeuden ere Luis Gioia eta Koldo Izagirre. Marrazki bizidunak Jaizkibel zen enpresaren izena. Indar handiko taldea sortu genuen. Gero, marrazkilari eta komikigile gehiago batu ziren gugana, eta baita ekoiztetxeak ere. Euskal komikigintzarako eta marrazki bizidunentzat ez ezik, euskal zinemarentzat ere bultzada handia izan zen talde horrek egin zuena.
Gabairen sortzaileetako bat ere bazara. Zein izan zen proiektu haren asmoa?
Lur argitaletxearen proiektua zen, eta helburu zuen Euskal Herriaren historia komikietan kontatzea. Gabai eta Kurtis ziren protagonistak eta, denera, 24 bilduma izan ziren sortutakoak. Horietako bakoitza aro zehatz bat zen, Gerra Zibilera arteko pasarteekin. Guztiak amaitzean, bigarren zatia ere sortu genuen. Euskal Herriko pertsonaia historikoei buruzko kontakizuna zen; hori ere oso proiektu handia izan zen. Sekulako aurrekontua izan genuen eta, gainera, oso ondo saldu zen. Argitaletxeak oso lan ona egin zuen hor, eta zenbait hedabidetan ere egin zen salmenta; tartean, Egin egunkariak eta Diario Vascok saldu zituzten aldizkariak.
Garai hartan, zer leku zuten euskarazko komikiek merkatuan?
Orain baino gehiago saltzen ziren komikiak. Ipurbeltz, Arekomik, Gabai eta besteren bat bazegoen, eta ez zen garai txarra euskal komikiarentzat. Gaur egun, aldizkari bakarra dago: Xabiroi. Kontua asko aldatu da.
Komikigintzatik animaziora ere egin zenuen jauzia. Nolakoa izan zen trantsizio hori?
Ez zen hain ezberdina izan. Komikia da, esango nuke, luzemetrai baten istorioa. Komikietan, biñetak egiten dituzu istorioa kontatzeko; eta, animazio baten luzemetraiean, egiten dena da biñeta horietako bakoitza animatu. Marrazki bizidunetarako, marrazkia sortzen duzu eta, ondoren, mugimendua eman. Alegia, antzekotasunak ditu.
Hori bai, aldea badago zenbait kontutan. Adibidez, komikia sortzen duzunean, zuk daramazu kontrola, nolabait esateko. Eta gidoia ere zuk egiten baduzu, are gehiago. Edizioa, margoa, konposaketa… zuk egiten duzu guztia. Animazioko lanetarako, aldiz, jende asko behar da. Mundu horretan hasi nintzenean, nik lapitzari zegokiona egiten nuen, beste batzuk tinta, beste talde batek kolorea, besteek animazioa… eta, horrela.
Gabai komikia ere horrela egiten genuen. Epe oso laburra ematen ziguten argitalpenetarako. Hilabetero, album bat egin behar izaten genuen, eta horietako bakoitzak 62 orrialde zituen. Lan horretan, bi marrazkilarik arkatzaren ardura genuen, beste bik tintarena, beste bik kolorearena, beste batek errotulazioa… Talde-lana, zalantzarik gabe.
Kalabaza tripontzia aipatu duzu, baina Lazkao Txiki, Fernando Amezketarra, Txirrita edo Karramarro Uhartea bezalako lanek euskal animazioaren historia idatzi dute. Zein oroitzapen gordetzen duzu proiektu haietatik?
Denetan parte hartzea tokatu zait, bai (barre artean). Lazkao Txikik, Fernando amezketarrak… oso erantzun ona izan zuten, eta oroitzapen ona dut guzti-guztiekin.
Sortu dituzunen artean, ba alduzu pertsonaia kuttunik edo gustukoenik?
Ziurrenik, Lazkao Txiki. Atal asko egin genituen proiektu horretan, 120 inguru. Kasu honetan, aurrekontua oso eskasa izan zen, baina aurrera egin genuen geneukanarekin.
Normalean, komikiak izaten dira dirulaguntza gutxien izaten dutenak, bai lehen bai orain. Marrazki bizidunetan edo animazio produktuetan, beti behar izaten dira dirulaguntzak, bestela oso zaila delako horrelako zerbait sortzea. Eta, telesailentzako, gaur egun gero eta laguntza gehiago daude.
Nola ikusten duzu gaur egungo euskal komikigintza?
Nire kasuan, komiki gutxi sortzen ditut. Animazio lanak edota ilustrazioak egiten ditut, hori bai. Beste komikigileekin hau guztia partekatzean, gaiaz aritzen garenean, gauza bera diogu, gaur egun ez dagoela komikigintzatik bakarrik bizitzerik. Oso tirada gutxi egiten dira; Patria bezalakoetan argitaratzen ez baduzu behintzat, eta hala ere zaila ikusten dut baita ere, oso zaila da mantentzea.
Zerk pizten dizu oraindik sortzeko gogoa?
Beti izan naiz sortzailea. Beti ibili naiz pertsonaiak eta istorioak sortzen, hori barruan daramat. Nire lana izugarri gustatzen zait; oso kreatiboa da eta, gainera, etxean egiten dut, lasai eta eroso. Lana dagoen bitartean, zoriontsu izango naiz.
Ba al duzu proiekturik etorkizun hurbilerako?
Proposamena egin nuen ideia batekin, eta dirulaguntza eman digute. Telesail baterako kontua da eta ekoiztetxeak finantziazioa bilatu behar du.
Ea ateratzen den, momentuz ezin dut ezer esan, baina espero dugu baietz. Argi dut, aurreko guztietan bezala, gauzak ez direla lehenengoan lortzen. Hori horrela izaten da, 10etik 1 ateratzen da normalean; beste guztiak, «al cajón de sastre». Baina hori prozesuaren parte da. Dena delakoarekin, aurrera jarraitu beharra dago!
Amaitzeko… ea kapaza zaren bat aukeratzeko: Marrazkia ala gidoia?
Garrantzitsuena, beti, gidoia.
Papera eta arkatza ala tableta digitala?
Pf. Digitalera ohitu naiz, baina paperak eta tintak puntu erromantikoa du. Digitalarekin, marrazki originalak galtzen ari gara. HernaniKomik-erako erakusketa prestatzeko, kosta zait nire lan originalak topatzea. Batzuk galdu egin ditut, edo argitaletxeek izango dituzte. Hortaz, ez… digitalarekin oso ondo moldatzen naiz eta asko laguntzen du eskatzen dituzten epeetara heltzeko, baina, aukeran, nahiago papera eta arkatza.
Koloretan ala beltzez eta txuriz?
Biak, baina beltza eta txuria edota grisak asko gustatzen zaizkit.
Komikia ala animazioa?
Komikia.
Inspirazioa ala diziplina?
Hau oso argi dut: diziplina.
Euskal mitologia ala eguneroko istorioak?
Biak ditut gustuko, baina eguneroko istorioak.
Arkatza beti poltsikoan ala beti buruan istorio bat?
Beti buruan istorio bat.
Irakurle/ikusle gazteak ala helduak?
Haurrentzako lanekin ez naiz ondo moldatzen. 10 urtetik aurrerako gazteentzat bai, eta baita helduentzat ere. Hortaz… biak!
Umorea edo dramatismoa komikietan?
Txuria, beltza… baina umorea, beti.
«Zer marrazten du Lopek?» galdetzea ala «zer kontatzen du Lopek?» galdetzea?
Zer kontatzen du eta nola kontatzen du. Mezua aurretik jartzen dut beti. Garrantzitsuena da zer kontatzen duzun eta, ondoren, noski, nola kontatzen duzun.

