Porrot mingarria jaso zuen Hernanik, joan den astean, mutilen Euskal Ligan: Navarvoley A taldearen kontra galdu zuen etxean (2-3), lidertza jokoan zegoela. Horri buelta eman nahian, Berriozarren ariko da bihar, eta oraingoan Navarvoley B izango du aurrez aurre, goizeko 11:30etan hasita. Oso talde arriskutsua da nafarren bigarrena ere, eta sailkapenean hirugarren dago, 9 punturekin, Hernanik baino bat gutxiago. Balio haundiko garaipena litzateke hernaniarrentzat; are gehiago, kontuan hartuta Bera Bera laugarrena eta Navarvoley A liderra elkarren kontra ariko direla gaur, Donostian.