Denboraldiko fase berri bat hasiko du Hernanik asteburu honetan. Ohorezko Elite Mailan bi hilabeteko etenaldia izango du, eta Errege Kopan ariko da tarte horretan, aurtengoan bi maila gorenetako talde guztiek jokatuko baitute: lau partiduko ligaxka aurrena, lau multzotan banatuta; eta semifinalak eta finala ondoren.
La Vilaren kontra jokatuko du estreinako partidua Hernanik, bihar eguerdiko 12:00etan, Landaren. Horrela, 2020tik aurrenekoz ariko dira trikoloreak Ohorezko Mailako talde baten kontra. «Esperientzia polita izango da La Vilaren kontra aritzea, eta Kopa bera. Taldekide gehien-gehienok ez dugu jokatu Ohorezko Mailan, eta horrelako taldeen aurka aritzeak lagunduko digu ikusten zer nolako maila dagoen kategoria gorenean, eta zein maila eman dezakegun guk. Erronka polita izango da», azaldu du Jon Ander Zapiainek.
Talde valentziarrak «primeran» hasi du denboraldia, eta kontrario gogorra izango da hernaniarrentzat: «Sekulako maila daukate, oso talde dinamikoa da, eta joko polita egiten dute. Ez dira oso talde fisikoa kontaktuetan, baina abiadura ematen diote jokoari, eta kanpotik ikusteko oso talde polita da».
La Vilaren ondoren, honakoak jokatuko ditu Hernanik Kopan, hurrengo hiru asteburuetan: Sant Cugaten zelaian, Sevillako Cienciasen zelaian, eta El Salvadorren kontra etxean.
«Liga da lehentasuna, ikusi dugu sailkatu gaitezkeela aurreneko lauen artean»
Gogotsu ekingo diote Kopari hernaniarrek, baina jakinda «foku nagusia ligan jarrita eduki behar dugula. Izan ere, konturatu gara gauza politak egin ditzakegula, eta posible dugula aurreneko lauen artean sailkatzea, igoerako play offa jokatzeko», dio Zapiainek. «Oso gustura» daude orain arte egindako lanarekin, eta ezin hobeto iritsi dira ligako etenaldira, Gernikan garaipena lortu ondoren, ligako bigarren postuan sendo.
Kontuak kontu, ez dira «erlaxatuta» aterako Kopako partiduetara, baina fase hau baliatuko dute «entrenatzaileek probatu nahi dituzten gauza berriak martxan jartzeko». Eta era berean, aukera emango die min hartuta dauden jokalariak guztiz osatzeko lesioetatik, ligara sasoiko bueltatzeko.