Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak helegiteak aurkeztu ditu Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narvaez preso politikoen kontra: Covite elkarteak hilabete honetan jarritako salaketarekin bat eginez, Fiskaltzak kolokan jarri ditu hirurei ezarritako hirugarren graduak. Horren ondorioz, Martuteneko espetxera itzuli behar izan dute oraingoz.
Auzitegi Nazionalak aste honetan emandako gradu erregresioak salatu nahi ditu Hernaniko Sarek: «Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak errekurritu egin du Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narvaez euskal presoei Tratamendu Batzordeek proposatuta Euskal Espetxe Administrazioak onartu dien hirugarren gradurako progresioa».
Horrela, gelditu egingo da progresioa, eta Agirresarobek, Alberdik eta Narvaezek espetxera itzuli beharko dute. Saretik azpimarratu dutenez, «beste behin ere, 400 kilometrora hartzen da honelako erabaki bat, euskal espetxeetako profesionalek, presoen bilakaera hobekien ezagutzen dutenek, gradu progresioaren alde hartutako erabakiaren kontra eginez. Zoritxarrez, Fiskaltzaren erabakia ez da irizpide juridikoetan oinarritzen, borondate politikoan baizik. Saretik aldarrikatzen ari garen elkarbizitzarako bidea oztopatu dute, eta irmoki salatu nahi dugu bidegabekeria hau».
Agirresarobe, Alberdi eta Narbaezez gain, Covite elkarteak Jurdan Martutegi ere jarri zuen jopuntuan, aurkeztutako salaketa horretan.