Geuretik Sortuak proiektuaren hirugarren edizioa hasi da dagoeneko bere fruituak ematen. Astelehenean, Udalbiltzak Zazpikiak bat izeneko komiki bilduma aurkeztu zuen Donostian, bertan parte hartu duten komikigileetako batzuen presentziarekin.
Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai ‘Hankabako’, Asier Iturralde, ‘Gaston’, Eñaut Aiartzaguena, Eneritz Ibarra eta Amane Apalategi izan dira bilduma honi arima jarri dioten komikigileak. Bakoitzak herri edo herri multzo batean egin du egonaldia. Geuretik Sortuak proiektuaren esentziari jarraiki, komikigile bakoitzak esleitu zitzaion herrian sormen egonaldia egin du urtean zehar, bertako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko, sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikiz. Horrekin, zazpi ataleko lana osatu da azkenik, Zazpikiak bat izeneko komiki-bilduma.
Udalbiltzako lehendakariak Haritz Alberdik, izenburuaren iturburua eta zergatia azaldu zituen Donostian egindako aurkezpenean: «Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak».
'Neskato onei' buruz aritu da Bereziartua
Lekunberri, Larraun, Araitz eta Beteluko Neskato onei buruz aritu da Uxue Bereziartua hernaniarra bere lanean; Usue Egiak Zeruaren erdian kontakizuna ondu du Legorretan; Patrizia Etxegarai Hankabako-k Ziortza-Bolibarren etxea uzteari buruzko istorioa sortu du; Mutrikuko Gastronomika landu du Asier Iturralde Gaston-ek, historiatik gure sukaldeetara datorren saiakera grafikoan; Eñaut Aiartzaguena Ataun eta Etxarri-Aranatz artean aritu da 1936ko estraperloari buruzko kontakizuna lantzen Legez kanpo komikian; Eneritz Ibarrak Atharratzen sortu du Begi hütsez ezin ikusi lana, herrian agertutako mezu misteriotsu batzuetatik abiatuta; azkenik, Amane Apalategik Euskara eta gu lana egin du Hernanin, euskerarekiko harremanei buruzkoa.
Hernanikomik azokan egongo da salgai
Bildumaren argitalpenarekin ez da bidea amaitzen. Etzi eta larunbatean, Hernanikomik azokan egongo da salgai, eta etzi komikigileak bertan izango dira haien lana aurkezten. Durangoko azokan ere izango da eskuragarri Zazpikiak bat eta, horrez gain, abenduaren 5ean, ostiralez, arratsaldeko seietan ekitaldia izango da Durangoko Museoan Geuretik Sortuaken hirugarren edizioaren aurkezpen osatu bat egiteko, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkarirekin batera.
Geuretik Sortuak egitasmoari dagokionez, 2026a ere lepo dator: urtarrilaren 30ean egingo da 3. edizioko aurkezpen-ekitaldia Hernanin, eta Udalbiltzak berrikuntza bat aurkeztuko du. Izan ere, Bertsozale elkartearekin elkarlanean, bertso saio tematiko bat antolatu du, eta orduan egingo da lehen saioa.