Hernaniko Haurren Kontseiluaren lehenengo ikasturtea izan zen aurrekoa. Herriko lau ikastetxeetako LH 5. eta 6. mailetako ikasleen ordezkari izan diren 19 haurrek osatu dute Hernaniko lehendabiziko Haurren Kontseilua eta Udala hasi da haien proposamenak lantzen eta martxan jartzen.
Izan ere, ekainean Haurren Kontseilua udal ordezkariekin elkartu zen eta proposamen zehatzak egin zituzten. Horien artean, Biteri kultur etxeko haurrentzako zinema saioetan jan ahal izatea. Udalak «probatzeko prestutasuna» adierazi zuen eta urriko asteburuetan, haurren saioetan jateko aukera izan da Biterin.
Haurren Kontseiluko kideek txandak egin dituzte espazioaren egoeraren jarraipena egiteko. «Koaderno batean aretoa nola geratu den jaso dute, hobetzekoak eta ondo egindakoak zerrendatuz». Gainera, bideo pedagogiko bat ere sortu dute, emanaldi bakoitzaren aurretik jarri dena.
Haurren jarrera balioan jarri eta zineman jateko aukera, momentuz, urtarrilera arte luzatzea erabaki du Udalak. «Badirudi Haurren Kontseiluak egindako pedagogiak eragina izan duela eta espazioa txukun mantentzea barneratzen ari dela».
Iturri publikoak hobetzeko lanak hasi dira
Hernaniko Haurren Kontseiluak herriko hainbat iturri publikok hobetzeko premia zutela ere adierazi zuen ikasturte bukaeran. «Herrilanetan pozik hartu dute iturrien egoeraren lanketa haurrekin batera egitea», adierazi du Udalak.
Hori dela eta, herriko iturri publikoen egoeraren mapa landu dute Haurren Kontseiluan bertan eta baita ikastetxeetan ere. Honela, dagoeneko 23 iturritan egin dira hobekuntza edo konponketa lanak. Haurrek «behar haundiena zutela» adierazitakoak izan dira.
Ikasturte honetan, berriz jarriko da martxan Haurren Kontseilua, urtarriletik aurrera. Berriz ere, herriko lau ikastetxeetako LH 5. eta 6. mailako haur bolondresek osatuko dute batzarra.