Azaroaren 8an ospatu zuten Elur-Txori elkartekoek XLII. Sagardo Txapelketa. Urtero lez, «giro onean» ospatu zuten lehiaketa eta kantuan aritu ziren Andoni Rekondo eta Oier Iturramendi bertsolariak. Beraien eskutik jakin zen azken emaitza. Altzueta sagardotegia izan zen garailea, bigarren postuan Larre-Gain eta hirugarrenean Rufino. Guztira bailarako 10 sagardotegik hartu zuten parte: Alberro, Altzueta, Astiazaran, Elorrabi, Larre-gain, Iparragirre, Itxasburu, Oiarbide, Rufino eta Zelaia sagardotegiek.
Lehenengo sailkatuari txapela eta Esnal Axa Artekaritzak babestutako garaikurra eman zitzaion, bigarrenari Gorostegi anaiak babestutako garaikurra, eta hirugarrenari Elur Txori Elkarteak babestutako garaikurra. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie laguntzaileei eta bertaratu ziren herritar guztiei.