Euskal komikigintzak erakusleiho zabala izango du aste honetan Hernanin. Bueltan da Hernanikomik azoka, azaroaren 21 eta 22an. Hernaniko Atsegindegi plazan egingo dira bi egunetan zehar komiki munduarekin lotutako kultur ekimenak. Bestalde, aurten Jose Angel Lopetegi 'Lopek'k jasoko du Joseph Camino saria, euskal komikigintzan egindako ibilbideagatik.
IV. Hernanikomik azoka, Hernaniko Udalaren eta hainbat komikizaleren arteko elkarlanaren emaitza da, eta Aitor Huizi Kultura zinegotziak adierazi duenez, «Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren urteko erakusleiho garrantzitsuena; haren aurretik, euskal komikigintzaren uzta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hernaniarrok eta Hernanira hurbiltzen dierenek».
Aipatzekoa da ere, aurtengo Hernanikomik azokaren kartela Asisko Urmeneta artista ezagunak sortu duela.
Kultur ekimen ugari
Nagusiki, argitaletxe ezberdinen postuak nabarmenduko dira Atsegindegin, goizeko 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Baina bestelako kultur ekimenak egiteko aukera ere eskaintzen du plazak: komiki-aurkezpenak, tailerrak, zuzeneko marrazketa, sari-banaketak edota musika.
Jan-edana eta marrazkiak, bertsoen bueltan
Estreinakoz egingo du bertso-marrazki afaria Hernanikomikek. Kantuan ariko dira Eli Pagola eta Miren Artetxe; marrazten, Adur Larrea eta Dom Campistron; eta, afaria Santa Barbara elkartean izango da. Zita berezi hau ostiralean, azaroaren 21ean, egingo da. 21:00etan hasiko da eta dagoeneko afarirako txartelak salgai daude Biteri Kultur Etxean, 23 eurotan. Hernaniarrak ez direnek, liburutegi@hernani.eus helbidera idatz dezakete afari-txartelen erreserba egiteko.
HERNANIKOMIK AZOKA
ATSEGINDEGIN
AZAROAK 21, ostirala
11:00-14:00 eta 17:00-20:00, Azoka Atsegindegin.
12:00, Markoren mundua.
17:00, Doberaren VI. Kromiki lehiaketaren sari banaketa.
Komiki aurkezpenak, Garbine Ubedak eta Iñaki Otamendik gidatuta:
17:30, Antzuolako alardea. Xabier Sagasta.
18:00, Geuretik sortuak. Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai, Asier Iturralde 'Gaston' eta Eneritz Ibarra.
19:00, Linbo planeta. Dejabu konpainia eta Paula Estevez.
19:30, Flanchin anaien
abentura ikaragarrizkoa.
Marko eta Philip Charlot.
20:00, Philip Charloten gitarra kontzertua.
21:00, Bertso-marrazketa afaria.
AZAROAK 22, larunbata
11:00-14:00 eta 17:00-20:00, Azoka Atsegindegin.
12:00, Joseph Camino sariaren banaketa: Jose Angel Lopetegi 'Lope'.
12:30, Dzirt-dzart. Zuzeneko marrazketa: Iñaki Holgado eta Amaia Carrere.
Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubedak eta Iratxe Retolazak gidatuta:
17:00, Kontua eta zikina. Eneko eta Ibai Iztueta, eta
Aritz Vieites.
17:30, Katerine. Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola.
18:00, Azken afaria. Beñat eta Unai Gaztelumendi.
18:30, Medium. Martin eta Xabier Etxeberria.
19:00, Maurizia: biziminaren hotsa. Garbiñe Ubeda eta Ekaitz Agirre 'Garluk'.
19:30, Maurizia gogoan trikitixa saioa. Eider, Lierni eta Elaia.