«Ez da ohikoena lehendakaria nire adineko pertsona bat izatea, baina gogotsu nago»

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 14a

Dunixe Berlanas CD Hernaniko lehendakaria, Kronikarako elkarrizketan.

Dunixe Berlanas izango da aurrerantzean CD Hernaniko lehendakaria. Pasa den asteko batzarrean onartu zuten 21 urteko hernaniarraren hautagaitza, eta  «lanerako gogoz» hartu du Martxelo Ezpondaren lekukoa.

Aurreko astean onartu zintuzten CD Hernaniko lehendakari gisa. Nola joan zen batzarra?

Hori da. Ondo joan zen guztia. Aurkezpen txiki bat egin nuen bertan, ezagutzen ez nindutenentzat, eta bertan adierazi nuen laguntzeko borondatea daukadala. Orain arte bestelako funtzio batzuk izan ditut klubean; emakumezkoen lehenengo taldeko atezaina naiz, baita gazteagoen eta atezainen entrenatzailea ere. Lotura estua dut klubarekin eta gogotsu nago. 

 

Futbolak toki garrantzitsua izan du eta du zure egunerokoan, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Orain arte klubeko kide aktiboa izan naiz, eta horixe da orain aurkeztu izanaren oinarria. Badakit Martxelok (Ezponda) sekulako lana egin duela urte hauetan zehar, eta errespetua ematen dit bere postua hartzeak, baina inguruko jendearen babesa sentitzen dut. 

 

Noiz eta zergatik eman zenuen lehendakarigai aurkezteko pausoa? 

Martxelok urteak zeramatzan postua utzi nahian, baina ez zegoen ordezkorik. Azken klubeko bazkarian iragarri zuen utzi egingo zuela, eta denboraldi honen hasieran oraindik ez zegoen ordezkorik. Orduan, interesgarria iruditu zitzaidan proiektu berriaren parte izatea, eta buelta batzuk ematen hasi nintzen guztiari. Prozesu horretan ikusi nuen jendearen laguntza edukiko nuela eta proiektu polita zela. Hortaz, aurrera egitea erabaki nuen.  

 

Zuzenbideko Gradua bukatzen ari zara. Ikasketek badute zerikusia postu berriarekin. 

Bai, hala da. Laugarren mailan nago jada, eta iruditzen zait esperientzia hartzeko aukera ona dela. Oinarri teorikoa badaukat, eta uste dut oinarri horrekin ekarpenak egiteko aukera dudala. 

 

Zein da kirol talde bateko lehendakariaren funtzioa?

Lehendakaria, funtsean, klubaren aurpegia da. Beste klubekin hitz egiteko, akordioak egiteko edo hitzarmenak sinatzeko biltzen dena, adibidez. Klubaren ordezkaria da. Gainontzean, barne antolaketaz zuzendaritzako talde osoa arduratzen da, ez lehendakaria bakarrik. Niri egokituko zait nire ekarpenak egitea eta laguntzea, ardura batzuk nire gain hartuz. Borondatezko lana da guztiona, orduan bakoitzak ahal duen neurrian egiten du lan. Laguntzeko prest gaude denok, klubak aurrera egitea nahi dugulako. 

 

Gazte gehiago sartuko dira zurekin batera?

Ez, gazte gehiago ez, baina jende gehiago batuko da zuzendaritzara. Orain arte 7 pertsonekin osatzen zen zuzendaritza, horixe jartzen du estatutuetan. Hala ere, estatutu horiek idatzi zirenean klubaren dimentsioak askoz ere txikiagoak ziren. Asko hazi da CD Hernani, eta kudeaketa lanetarako jende gehiago sartuko da zuzendaritzan. 

 

Zeintzuk dira CD Hernaniren helburuak?

Helburuak betikoak dira. Hasteko, bertan entrenatzen eta jokatzen duten guztiak babestuta sentitzea nahi dugu; gustura egotea eta kirola pozik egitea. Harreman onak sustatu nahi ditugu, giro onean jarduteko. Gainontzean, kanpora begira, CD Hernani klub txukun bat dela erakusten jarraitu nahi dugu. Denek izan dezatela gauzak ondo egiten ditugunaren sentsazioa. 

 

Lehenengo aldiz emakumezko lehendakaria du CD Hernanik, 21 urtekoa gainera. Deigarria izango da askorentzat.

Bai, baliteke. Orain arte ez da emakumezkorik jarri lehendakari modura, eta adin honekin ere ez dakit baten bat izan ote den. Badakit ez dela ohikoena, baina beno, nik ahalik eta ondoen egiteko intentzioa daukat. Jendeak esango duena ez dago nire esku. 

 

Borondatezko lana behera doan honetan, zer esan dizute inguruko gazteek?

Nik uste dut ez dela adin kontua. Iniziatiba falta da orokorrean. Ez dakit ausardia den hitza, baina pauso bat aurrera emateko griña falta da. Orain dela urte batzuk badakit ez nintzatekeela aurkeztuko, baina orain, esperientzia pixka batekin, gogoa neukan erronka honetan nire burua probatzeko. Adinkideen artean badago erotuta nagoela dioenik, baina tira, ez nau arduratzen, ziur nago egindako hautuarekin. 

 

Aldaketaren bat egin nahi duzu klubean?

Klubak bere erronkak ezarrita dauzka lehendik, etorkizunera begirako proiektuak ere bai. Batzuk oraindik ez daude martxan, eta bultzada bat emateko nahia daukagu. Zubipeko azpiegiturak hobetzeko beharra ikusten dut, adibidez; fokuak aldatuko ditugu laster, zelaiak ere 10 urte ditu jada, atzeko zelaia hobetu behar dugu, aldagelen proiektua ere hortxe dago... Gauza asko daude egiteko, eta aurretik egindako lanarekin jarraituko dugu guk. 

 

Jende asko da CD Hernaniko kide. Zer esango zenieke? Zer topatuko dute orain lehendakaritzan?

Zubipera datozen guztiekin hitz egiteko prest dagoen pertsona bat. Ilusioz parte hartu dut futbolarekin lotutako gauza guztietan, intensidade haundiz bizi dut dena, eta borondate haundia daukat lanerako. Kide guztiekin harreman naturala izan nahiko nuke. Edozertan laguntzeko prest nago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!