Liga Probintzialeko probak jokatuko dira bihar Hernaniko igerilekuan

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 13a

Hernani Igeriketa Taldeko igerilariak.

Hernani Igeriketa Taldeko 23 kirolarik hartuko dute parte. Igerilekua itxita egongo da 14:30etatik 18:30etara. 

Neguko Liga Probintzialeko 2. jardunaldia jokatuko dute bihar Hernaniko Kiroldegiko igerilekuan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira lanean igerilariak, eta estilo guztietako probak ikusteko aukera izango da. Jardunaldia dela eta, arratsaldeko 14:30etatik 18:30etara herritarrentzat itxita egongo da igerilekua. 

Parte hartzaile guztien artean, Hernani Igeriketa Taldeko 23 igerilari arituko dira biharko proban, eta klubeko beste zenbait pertsona antolakuntza lanetan arituko dira. 

Guztien elkarlanari balioa eman nahi izan dio Igeriketa Taldeak, laguntzaileei esker ona adierazita: «Igerilariez gain, zuzendaritzako kide eta guraso talde bat, 15 pertsona guztira, txapelketa antolatzeaz, denborak neurtzeaz eta diru sarrerak lortzeko jartzen den salmenta postuaz arduratuko da». 

Postu horretan tortilla pintxoak eta bizkotxoa jarriko dituzte salgai, eta lortutako dirua taldeak dituen gastuetara bideratuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!