Estilismoan eta janzkeran aldaketa bat nahi duten herritarrek aukera paregabea izango dute gaur. Joseba Olagarai personal shopper (aleya, aholkulari) lanetan arituko da Kaxkoan, Hernaniko Udalak eta Berriak elkarteak sortutako 'Hartu kalea!' egitasmoaren barruan.
Estilismoarekin jolasteko prest dauden pertsonekin herriko dendetara joango da Olagarai, eta bertan, merkatariekin batera, total look (aleya, janzkera) pertsonalizatua diseinatuko die parte hartzaileei. Behin eraldaketa prozesua amaituta, aukeratutako arropa etxera eramango dute.
«Hernaniko moda eskaintza zabala erakustea eta dendarien figurari balioa ematea da helburua», azaldu dute antolatzaileek. Guztira, herriko zortzi dendak hartuko dute parte gaurko jardueran: Eukene arropa dendak, Hiru haur arropa dendak, Hoki lentzeriakek, Laket arropa dendak, Mahuka arropa dendak, Marna osagarriakek, Urrats oinetakoakek eta Valen arropa dendak.
Olagarai goizeko 10:00etan hasiko da jendearen bila Gudarien plazatik. Eguerdian atseden pixka bat hartu ondoren, 16:00etan ekingo dio berriro misioari, kasu honetan Zinkoeneatik.
Bere lana zuzenean jarraitu nahi duten herritarrek sare sozialen bitartez egin ahalko dute; @hernaniko_plaza eta @hernanidendak instagram kontuetan.
Kaxkoa itxita ibilgailuentzat
Jarduera hau 'Hartu kalea!' egitasmoaren parte denez, gaurko egunez ibilgailuek ezingo dute Kaxkoan barrena ibili. Erabaki hau «herrigunea erosketak egiteko erosoagoa eta seguruagoa» izateko hartu zuen Udalak, «komertzio txikia sustatzeko» helburuarekin.
Proba pilotuak jarraipena izango du urtea bukatu arte behintzat, eta datorren hilabetean ere izango dira jarduerak.