«Kolekzioa horrelako plataforma sendo eta ikusgarrian aurkeztea berezia izan zen niretzat»

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 12a

Jon Vacas hernaniarra, Gazteizko pasarelan.

Jon Vacas diseinatzaile hernaniarra gustura geratu zen Gasteizko desfilearekin, eta nabarmendu du «pauso garrantzitsua» izan dela Koë Atelier markaren bilakaeran.

 

Azaroaren 5a egun garrantzitsua izan zen Jon Vacas Mugica diseinatzaile hernaniarrarentzat. Gasteizen aurkeztu zuen Koë Atelier bere marka pertsonalaren azken kolekzioa: 'Estructuras del viento'. Eduardo Chillidaren unibertsoan inspiratutako lana da Vacasena, «forma, hutsune eta oreka kontzeptuen arteko harremana aztertzen duena».

Denera 7 look aurkeztu zituen Gasteizko pasarelan, Koë Atelierren «esentzia» eta «garapena» agerian utzita: «Oso esperientzia berezia izan zen niretzat eta Koërentzat. Kolekzioa horrelako plataforma sendo eta ikusgarrian aurkeztea pauso garrantzitsua da markaren bilakaeran», azaldu du Vacasek. 

Proposamen garaikidea aurkeztearekin batera, «oso harrera beroa» jaso zuen bueltan hernaniarrak, jendearekin lortutako konexioaren erakusgarri: «Publikoak estetikarekin, pieza bakoitzaren atzean dagoen asmoarekin eta markaren inguruan eraikitzen ari naizen identitatearekin konektatu zuen». 

 

«Frantziar dotorezia eta estilo garaikidea uztartzen saiatzen naiz»

Amonaren omenez sortu zuen Vacasek Koë Atelier proiektu pertsonala. «Frantziar dotorezia» eta «estilo garaikidea» uztartzeko ahalegina egiten du bere lanetan, «ikuspegi emozional eta pertsonala emanez». 

Datozen hilabeteetan lanean jarraitzeko asmoa du hernaniarrak, proiektu berriak baititu eskuartean: «Laster argia ikusiko duen kapsula bilduma bat eta sektoreko profesionalekin lankidetza berriak, besteak beste».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!