Garai mugituak datoz erremontearen munduan. Oriamendi 2010 enpresak iragarri du bere jarduna amaitutzat emango duela datorren urtearen amaieran, eta, momentuz, ez dago lekukoa hartuko duen enpresa edo erakunderik.
Joxe Mari Barrenetxea hernaniarra arduratu da orain arte enpresaren gidaritzaz, eta berak azaldu dio egoera Kronikari: «Oriamendi enpresa izan arren, ez dauka irabazirik. Juxtu juxtu estaltzen ditugu gastuak, eta erremontea mantendu nahian aritu gara lanean azken 16 urteetan».
Hasiera batean, 2026 urtea bukatu arte jarraitzeko asmoa zuen Barrenetxeak, baina, osasun arazo batzuk tarteko, nahi baino lehenago utzi behar izan du kargua.
Gaur gaurkoz, 2026rako laguntzak bideratuta daude, baina oraindik ez daude itxita: «Datozen asteetan hitzarmenak ixtea espero dugu, eta orduan sinatuko ditugu erremontarien 2026ko kontratuak», azaldu du Barrenetxeak.
Hortik aurrera, ziurgabetasun haundia sortu du kudeatzaile berriaren faltak, eta bat topatzea da datozen hilabeteetako erronka nagusia. «Gu prest gaude gure egitura elkarte edo fundazio batek hartzeko, beti ere erremonteari jarraipena ematen badio», gehitu du Barrenetxeak.
«Erremonte profesionalaren etorkizuna zalantzan dago»
Albiste honen aurrean, kezkatuta agertu dira Oriamendi 2010 enpresako erremontariak. Komunikatu bateratu batean egin dute egoeraren irakurketa: «Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna zalantzan dago, eta erremontariok guztiz konprometituta jarraitzen dugu gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin».
Etorkizunera begira, «erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei» egin diete erreferentzia, «2027tik aurrera erremonte profesionalaren jarraipena bermatzeko konpromisoa har dezaten».
Elkarlanerako deia
Euren partetik, «elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko» borondatea erakutsi dute erremontariek, eta jakinarazi dute «erakunde, entitate edo pertsona interesatuekin» biltzeko prest daudela.