Euskal Herria askatasun haizea

Mikel Arrieta Iraola 2025eko azaroaren 11

Egun batzuk besterik ez dira falta azaroaren 22ko 'Euskal Herria askatasun haizea' mobilizaziorako.

2025aren azken txanpan esanahi politiko handiko hiru 50. urteurren zeuden: Txiki eta Otaegiren fusilamendua irailean eta Francoren heriotzaren zein Juan Carlos I Borboikoaren koroatzearen urteurrenak orain, azaroaren 20 eta 22an hain zuzen.

Mundu mailan, Trump-en agintaldi berriak hauspo nabarmena eman dio bloke internazional erreakzionarioari eta haren agenda autoritario, antidemokratiko eta oligarkikoari, kezka, ezinegona eta beldurra areagotuz. Gure inguruan, nazioarteko haize horien laguntzaz, bi estatuen gobernuetara irits litekeenaren ustea ere bada.

Bien bitartean, Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik dago, intentsitate eta erritmo ezberdinekin bada ere. Hego Euskal Herriaren kasuan, estatus politiko berri baten gaineko balizko adostasun batean parte hartzera deituak leudekeen indar politiko guztiak bat datoz adostasun hori saiatzeko eta prozesu politiko-instituzionala abian jartzeko unea orain dela esaterakoan.

Testuinguru horretan eta efemeride horiek direla eta, EH Bilduk azaroaren 22an manifestazio nazionala egingo du, honako helburuekin:

1-Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea.

2- Duela 50 urte frankismoak 'lotuta eta ondo lotuta utzi zuen hori askatzeko premia eta aukera dagoela mahai gaineratzea, baita Txikik eta Otaegik sustatu zuten 'askatasun haizea' hauspotzen jarraitu beharra dagoela azpimarratzea ere.

3-Espainiar faxismoaren biktimei omenaldi nazionala egitea, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea.

Ez dago askatasun haizearen nazioa geldituko duenik. Frankismoari eta beste egoera makurrei aurre egiteko gauza izan ginen. Eta, zalantzarik gabe, bloke erreakzionarioari zein parez pare ditugun erronkei aurre egiteko gauza izango gara.

Atzo, gaur eta beti: Euskal Herria antifaxista! Euskal Herria askatasun haizea!

Urtero moduan autobusak antolatu dira Bilbora erosotasunez joateko. Horretarako izena eman behar da Garin tabernako zerrendan azaroaren 20a baino lehen.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!