Mendizale Asteari agur, argazki onenak saritu eta gaztetxoei dominak banatuta

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 10a

Mendizale Asteko argazki lehiaketako sarituak, ostiraleko ekitaldian.

Ostiralean egin zuten argazki lehiaketako sari banaketa, eta gaztetxoen irteeretako argazkien proiekzioa.

 

Beste urte batez, saio bereziarekin agurtu zuten ostiralean Mendizale Astea. Azkeneko saio horretan, gaztetxoen irteeretako argazkien proiekzioa egin zuten, eta dominak banatu zizkieten irteera horietan parte hartu duten gaztetxoei. Emanaldiaren ondoren, berriz, argazki lehiaketako irabazleei banatu zizkieten sariak. Honakoak izan dira, kategoriaz kategoria: Maria Mamerta Agirre (bildumarik onena), Rafa Zuza (mendia), Pedro Vilchez (paisaia), Xabier Arrozpide (Hernani) eta Manu Irastorza (argazki herrikoiena). Gainera, Juan Ramon Vallejoren eta Angel Beldaren argazki bana aukeratu dute Mendiriz Mendiren 2026ko irteeren egutegirako.

Bazkide Eguna, igande honetan

Aste bereziaren erremate gisa, Bazkide Eguna ospatuko du Mendiriz Mendik datorren igandean, azaroaren 16an. Berrobira joango dira, eta goizeko 08:00etan Hernanitik abiatuta; eta 13 kilometroko ibilbidea egingo dute, 650 metroko desnibel positiboarekin: Berrobitik Larte mendira igo, eta Leaburura jaitsi. Ondoren, bazkaria ere egingo dute. Bidaiaren eta bazkariaren prezioa 40 eurokoa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!