Etxebizitzaren auzia denen ahotan dabilen honetan, asanblada irekia antolatu du Hernani Burujabeko Etxegura taldeak, ikasturteko planaren nondik norakoak azaltzeko. Orain dela gutxi iragarri dute Etxebizitza Behatokia irekiko dutela, eta lantzen ari diren proiektuen berri emango dute oraingoan. Ostegunean jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan, Biteri kultur etxean.
«Eguneroko elkarrizketetan etengabe atera ohi den gaia da etxebizitzarena. Baina behar adina erreparatzen diogu gaiari eta honek duen dimentsioari? Gai honek kezkatzen bazaitu, baduzu agendan borobildu beharreko eguna. Bertan ikusiko dugu elkar!», adierazi dute Etxegurako kideek.
Deialdiarekin batera, espekulazioaren aurkako aldarrikapena ere zabaldu dute, Etxeguraren helburu nagusia zein den zehaztuta: «Negozioa bada, ez da eskubidea. Etxebizitzaren kasuan ere hala gertatzen da; espekulazioari ez zaio muga nahikorik jartzen eta, horrela, herritarrok geroz eta zailtasun handiagoak ditugu etxebizitza eskuratzeko. Etxegura elkartearen apustua da estrategia publiko-komunitarioak garatzea problematika honi aurre egiteko eta, horretarako, ahalik eta gehien errotu eta saretu nahi du herrian».