Hernanikomik azokaren laugarren edizioa, azaroaren 21ean eta 22an

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 9a

Komikigintzaren eta komikizaletasunaren erdigune izango da Atsegindegi.

Ostiral goizean zabalduko dituzte azokako ateak, eta marrazkilaritzarekin zein komikiekin lotutako jarduera ugari izango dira bi egunetan. Bertso-marrazketa afarira joateko txartelak salgai daude jada, Biterin edo emailez eskatuta.

Beste urte batez, komikiek hartuko dute Atsegindegi azaroaren 21ean eta 22an. Hernanikomik azokaren laugarren edizioa egitarau oparoarekin iritsiko da, adin eta gustu guztiak asetzeko programazioa osatuta. 

Ostiral goizean zabalduko di­tuzte azokako ateak aurrenekoz, goizeko 11:00ak aldera. Bi egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00e­ta­tik 20:00etara egongo da zabalik, eta bertako postuetan erosketak egiteko aukera izango da. 

Guztira bederatzi komiki aurkezpen izango dira bi egunetan: Antzuolako alardea, Geuretik sortuak, Linbo planeta, Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa, Kontua eta zikina, Katerine, Azken afaria, Medium eta Maurizia: biziminaren hotsa. Komikien aurkezpenak Garbiñe Ubedak, Iñaki Otamendik eta Iratxe Retolazak gidatuko dituzte.

Komiki aurkezpenez gain, marrazketarekin lotutako jarduera ugari ere izango dira azokan. Horietako bat da larunbateko Dzirt-dzart zuzeneko marrazketa saioa. Iñaki Holgado eta Amaia Carrere arituko dira bertan. 
 

Joseph Camino saria, 'Lope'rentzat

Komikigintzan egin duen ibilbi­dearen errekonozimendu modura, Jose Angel Lopetegi 'Lope' marrazkilariari emango diote aurtengo Joseph Camino saria. 'Lope', besteak beste, Ipurbeltzen aritutakoa da, eta hainbat marrazki ezagunen egilea ere bada. Larunbat eguerdian egingo diote omenalditxoa. 

Bertso-marrazketa afarirako txartelak salgai daude

Ostiral gauean bertso-marrazketa afaria egingo dute Santa Barbara elkartean. Eli Pagola eta Miren Artetxe arituko dira kantuan, eta Adur Larrea eta Dom Campistron marrazten. Sarrerak salgai daude, 23 euroren truke, Biteri kultur etxean; baina bertara hurbiltzeko aukerarik ez duenak, liburutegi@hernani.eus helbidean egin dezake erreserba.

HERNANIKOMIK AZOKA

ATSEGINDEGIN

AZAROAK 21, ostirala

11:00-14:00 eta 17:00-20:00, Azoka Atsegindegin.

12:00, Markoren mundua.

17:00, Doberaren VI. Kromiki lehiaketaren sari banaketa.

Komiki aurkezpenak, Garbine Ubedak eta Iñaki Otamendik gidatuta:

17:30, Antzuolako alardea. Xabier Sagasta.

18:00, Geuretik sortuak. Uxue Bereziartua, Usue Egia, Patrizia Etxegarai, Asier Iturralde 'Gaston' eta Eneritz Ibarra.

19:00, Linbo planeta. Dejabu konpainia eta Paula Estevez.

19:30, Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa. Marko eta Philip Charlot.

20:00, Philip Charloten gitarra kontzertua.

21:00, Bertso-marrazketa afaria.

AZAROAK 22, larunbata

11:00-14:00 eta 17:00-20:00, Azoka Atsegindegin.

12:00, Joseph Camino sariaren banaketa: Jose Angel Lopetegi 'Lope'.

12:30, Dzirt-dzart. Zuzeneko marrazketa: Iñaki Holgado eta Amaia Carrere.

Komiki aurkezpenak, Garbiñe Ubedak eta Iratxe Retolazak gidatuta:

17:00, Kontua eta zikina. Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites.

17:30, Katerine. Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola.

18:00, Azken afaria. Beñat eta Unai Gaztelumendi.

18:30, Medium. Martin eta Xabier Etxeberria.

19:00, Maurizia: biziminaren hotsa. Garbiñe Ubeda eta Ekaitz Agirre 'Garluk'.

19:30, Maurizia gogoan trikitixa saioa. Eider, Lierni eta Elaia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!