Garaipen haundia lortu du Hernanik Gernikan, eta bigarren postuan sendo iritsiko da Kopako etenaldira

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 8a

Jon Ander Zapiain eta Beñat Iradi.

Trikoloreek 22-27 menderatu dute kontrario zuzena Urbietan, azkeneko minutuetan gogotik sufritu arren. Kopari ekingo diote orain.

Behin eta berriro ari da erakusten Hernani, aurten edonor menderatzeko gai dela, eta gauza ederrak lortzeko prest dagoela. Ez diola ezeri uko egingo. Eta gose horren beste erakustaldi bat izan da gaur arratsaldekoa, Gernikako Urbieta zelaian: partidu gogorrean, 22-27 nagusitu zaizkio trikoloreak Gernika kontrario zu­zenari. Garaipen horrekin, Oho­rezko Elite Mailako bigarren postuari sendo eutsi dio Hernanik (25 puntu), eta hala iritsiko da ligaren bi hilabeteko etenaldira, Sant Cugaten (27) atzetik. Kopari ekingo diote bi aste barru.

Azkeneraino sufritu behar izan du Hernanik gaurkoan. Nahiko pixua zegoen Urbietako zelaia, eta euri zaparrada mardulek are gehiago zaildu dute jokoa. Gernikak izan du baloiaren jabetza haundiagoa aurreneko zatian, eta trikoloreen faltak baliatu ditu puntuak pilatzeko, zigor kolpeen bitartez. Baloia mugitzen, ordea, bizkorrago ibili da Hernani aukera izan duenetan, eta Ibon Gonzálezek lortu du lehenengo zatiko entsaio bakarra, bere abiadura eta Aiheko Minerren ostiko bikaina baliatuz. Beñat Arizetak atsedenaren aurretik lortu du bere bigarren zigor kolpea, markagailuan aurretik joateko aldageletara (12-13).

Bigarren zatia hasi eta ordu laurdenera, Arizetaren txartel horiak eman dio aukera Gernikari 19-13 aurreratzeko. Baina orduan erakutsi dute bere joko-mailarik onena trikoloreek: oraindik bat gutxi­a­gorekin ari zirela lortu dute bigarren entsaioa, Beñat Iradiren eskutik (19-20); eta segidan, gernikarrek jasotako txartel horia baliatu dute hirugarrena lortu eta tartea zabaltzeko (19-27), Jon Ander Zapiainen eskutik.

Abantaila horrekin iritsi dira azkeneko minutuetara, Gernikak defentsako bonusa lortzea saihestu nahian, baina ezin. Mele batean egindako akatsak bizkaitarren zigor kolpea ahalbidetu du (22-27), eta beste jokaldi bat ere izan du Gernikak, partidua bera ere irabazten saiatzeko. Hernaniren 22 metroetan zirela, gernikarren bandako sakean lapurtu dute baloia trikoloreek, garaipena ziurtatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!