Azaroaren 22an mobilizazio nazionalera joateko deia egin du Hernaniko EH Bilduk

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko azaroaren 8a

alde argazkia egin zuen Hernaniko EH Bilduk, Bilbora joateko deia eginez.

Bilbon izango da, 'Euskal Herria askatasun haizea' lelopean; eta autobusa jarriko dute Hernanitik joateko. Garinen eman behar da izena.

Mobilizazio nazionala antolatu du EH Bilduk azaroaren 22rako, Bilbon, 'Euskal Herria askatasun haizea' lelopean. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da, La Casillatik. Manifestazio «antifaxista» izango da aurtengoa. Izan ere, EH Bilduk faxismoaren kontra abiatutako kanpainaren azkeneko ekitaldia izango da hori, esanahi politiko haundiko hiru gertakariren 50garren urteurrena den honetan: Txikiren eta Otaegiren fusilamendua, Francoren heriotza eta Juan Carlos Borboikoaren koroatzea. Hain juxtu, egun horretan bertan beteko dira 50 urte Juan Carlos I errege izendatu zutela, Franco hil eta bi egunera.

Hernaniko EH Bilduk dei egin die herritarrei, hilaren 22ko manifestaziora joateko. Eta horretarako, autobusa ere antolatu du Hernanitik bertatik. Arratsaldeko 15:30etan abiatuko da autobusa Biteritik, eta joan nahi duenak Garin tabernan eman behar du izena. Prezioa 10 eurokoa izango da; 5 eurokoa gazteen eta langabetuen kasuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!