Otsailaren 13tik 16ra ospatuko dira 2026ko Inauteriak Hernanin, eta horiek iragartzeko kartel lehiaketa dagoeneko jarri du martxan Hernaniko Udaleko Kultura Sailak, beste urte batez. 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake lehiaketa honetan.
Gaurtik azaroaren 26ra, biak barne, aurkeztu ahal izango dira lanak, Biteri kultur etxean edo kultura@hernani.eus helbidera bidalita. Inauteritako Jai Batzordeak aurkeztutakoen artean lau lan aukeratuko ditu, eta horien artean, herritarrek gustukoena aukeratuko dute (bozketa herrikoia abenduaren 4tik 17ra izango da). Herritarren boto gehien jasotzen dituen kartelak iragarriko ditu 2026ko inauteriak.
Kartelaren neurria 32x48 cm-koa izango da eta ez da onartuko adimen artifizialarekin edo elkarrizketa-laguntzaile bidez sortutako lanik. Nahitaez agertu beharko du 'Hernaniko Inauteriak 2026' idatziak eta irudien erabilera ez-sexista bermatu beharko da. Irabazleak 700 euroko saria jasoko du: erdia eskudirutan eta beste erdia, Berriak elkarteko establezimenduetan gastatzeko.