Telmo Iruretaren zuzendaritzapean, 'De agua y arena' film laburra proiektatuko dute azaroaren 18an, arratsaldeko 19:30etan, Biterin. Koxka elkarteak antolatu du saioa, eta proiekzioa amaituta, Telmo Iruretak solasaldia eskainiko du. Hori horrela, Iruretak Kronikarekin izan du solasaldi eder bat, 'De agua y arena' proeiktuari buruz, garun paralisia gertatu aurreko etapari buruz eta amari buruz.
‘De agua y arena’ film laburra ekarriko duzue Hernanira. Bizitza errealean oinarritutako proiekzioa. Zer sentitu duzu zure bizitza erreala pantaila haundian ikusita?
Egia da aspalditik datorrela proiektu hau, eta denbora asko eskaini diodala. Hasiera batean pelikula bat egiteko asmoa neukan, baina gero, proiektua konplikatu zitzaigunez, egoerara moldatu ginen eta hortik sortu zen film laburra.
Egon dira proiektu guztietan bezala tentsiozko momentuak eta, beste asko, berriz, oso onak, baina orokorrean hunkituta nago. Izan ere, esan duzun moduan, nire istorioa kontatzen da film laburrean, nire amak idatzitako eskutitz batetik abiatuta. Izan da oso proiektu berezia, nire txikitako Telmorekin konektatu baitut, asko.
Bi urte neuzkan gaixotu nintzenean, eta ni ez naiz gogoratzen Telmo hartaz, baina proiektu honekin, adierazi nahi dudana eta sentitzen dudana da gaixotu aurretik bazegoela beste Telmo bat. Izan ere, nik gogoratzen dudan Telmok beti izan du desgaitasuna. Beraz, esan dezaket, izan dela esperientzia bat non nire bizitzako etapa hori bizitzeko aukera eman didan, desgaitasunik gabeko Telmo ezagutuz.
Gutun batetik hasten da ‘De agua y arena’.
Bai, proiekzio honetarako amari eskatu nion eskutitz bat idaztea, zer gertatu zen eta bera nola sentitu zen adieraziz, bere modura. Eskutitz horri esker, beste ikuspegi batetik ikusi ahal izan dut gertatu zitzaidana, detaileekin eta modu polit batean kontatuta.
Aldi berean, ikusi dut amaren beste alderdi emozional bat. Nire ama beti izan da oso emakume borrokalaria, eta indartsua, nolabait esateko egon da beti tente. Eskutitzean, ordea, barruko emozioak eta barruko minak adierazi zituen modu eder batean, eta asko gustatu zait, amaren begiradatik gertatu zena ikustea… asko mugitu nau.
Esan dezakegu, proiekzio hau zure amari aitortza bat dela?
Bai, guztiz. ‘De agua y arena’ film laburra da nire amari eta aitari eskertzeko egin duten guztia. Gurasoei keinu bat egin nahi nien eta laburmetrai hau izan da eskerrak emateko modua.
Askotan aktore bezala filmetan naiz antzerkian, umoretik… ‘De agua y arena’ proiekzioarekin ezberdin ikusiko zaitugu?
Bai, egia da umorezko iruzkinen bat badagoela laburmetraian, baina gutxi. Gainera, nahiz eta nire istorioa kontatzen den, proiekzio honetan nire ama da protagonista nagusia.
Teresa Calo aktorea aukeratu genuen proiekzio honetako protagonistaren papera egiteko, oso aproposa. Laburmetrai osoa da Teresa Caloren ensaio bat, izan ere, bera antzezlea da, eta nire amaren gutuna aurkitzen du kasualitatez. Gutuna irakurtzean, zerbait pizten da bere baitan.
Nik nahi nuen aktore batek, nire amaren emozio eta sentimenduak antzokira eramatea, eta hori da erakusten dena laburmetraian: Teresa Calo antzezlea da, amaren gutuna aurkitzen du eta irakurritakoa oholtzara eramaten du.
Zuzendari lanetan Cesare Maglionirekin eta Maitena Illarramendirekin. Zer moduz? Nola sortu zen proiektu hau?
Aspalditik neukan buruan. Nire bizitza kontatu nahi nuen zineman, eta egia da hasiera batean pelikula bat egin nahi nuela. Hasi nintzen hori guztia lantzen, Magisteritzako karreran egindako lagun batekin, Maitena Illarramendirekin. Biok hasi ginen proiektuari forma ematen, eta ikusi genuen ez geneuzkala ez baliabiderik ez eta esperientzia nahikorik. Horrenbestez, Cesare Maglioniri eskatu genion laguntza.
Momentu asko izan ditugu, batzuk joan beste batzuk etorri, baina azkenean aurrera atera dugu proiektua.
Pozik zaude emaitzarekin?
Bai, guztiz. Egia da, montajea nire modura egin nahi nuela, eta zenbait ekoizlerekin jardun nuen hizketan, baina denek eraldaketa asko egin nahi zizkidaten, eta nik argi nuen nik egindako montajearekin jarraitu nahi nuela. Momentu hartan, Inge Mendiolak esan zidan baietz, berak egingo zidala montaje guztia.
50 minutuko montaje bat neukan nik, eta esan nion: «Inge nahi dut bide honetatik jarraitzea, baina zuk egitea montaketa». Azkenean ia dena aldatu zidan, guztira 30 minutu kenduz, eta horregatik, film laburra izan zen emaitza. Hala ere, esan beharra dut oso-oso pozik nagoela.
Kuriosoa da horrenbeste aldaketa egin eta gero, asko gustatu zitzaidala emaitza eta adierazi nahi nuen mezua oso argi adierazten zela.
Inge izan da montatzaile ona eta jakin du ideiak bildu eta hauekin laburmetraia osatzen. Hala ere, gauza batzuk kanpoan gelditu dira, esaterako nire amaren gutuneko zati batzuk. Horiek, gordeta ditut, aurrerago erabili ahal izateko, etorkizuneko proiektuetarako, hain juxtu.
Garuneko paralisia erdigunean. 'De agua y arena' Laburmetraian kontatzen da nola txikitan amarekin hondartzan zeundela, keinu batek beste asko ekarri zituen atzetik, bizitza eraldatu zitzaizuen etxekoei.
Film labur honen ondorioa garun paralisia da. Izan ere, proiektu honetan, garun paralisia iritsi aurreko etapa jarri dut erdigunean. Nola keinu batzuk egiten hasi nintzen eskuekin, ospitalera joaten ginen uneak, medikuek ez zekitenean zer zen… Kontatu dut prozesu osoa.
Iraganaz gain, film laburrean ikusten da gaur egungo Telmok nola ikusten duen bizitza. Agertzen dira Telmok egunerokotasunean dauzkan trabak eta zailtasun fisikoak. Izan ere, Telmok argi du, fisikoak bakarrik direla; garuna eta gogoa badituzu, ez da horrenbesterako! Besteen begirada da aldatu behar dena.
Garun paralisia ez dutenek ez dakite guk nola bizitzen ditugun egoerak, eta alderantziz ere bai. Ni adibidez, imajinatzen naiz garun paralisia gabe, eta uste dut ideializatu egiten dudala. Nik nahiko nuke garun paralisia gabe bizi, baina betirako daukadan gaixotasuna da eta aurrera jarraitu beharra dago, ahal bada, modu positibo batean.
Ez naiz gogoratzen garun paralisi gabeko Telmotaz. Bi urte nituen hau guztia hasi zenean. Eta baditut baitan bi alderdi; batetik, gustatzen zait jakitea lehengoko mutil txiki hori izaten jarraitzen dudala, alegia, nire baitan dagoela garun paralisirik ez zuen umea; eta bestetik, iruditzen zait mutil hori idealizatuegia daukadala, izan ere, berdina naizela uste dut, baina nire baitan dago esaldi hau: ‘ez, aspaldiko Telmo, hobea zen’.
Zer moduz Telmo Iruretaren paperean? Eroso sentitu zara?
Polita izan da, baina aldi berean, zaila. Proiektua aurrera eramatea zaila egin zaigu, eta momentu askotan amore emateko puntuan egon naiz, baina ‘De agua y arena’ laburmetraiak nire istorioa kontatzen duenez, indar gehiago jarri diot, atera da nire barruko kemena, ikusarazi nahi nuelako nolakoa izan den nire istorioa.
Eta proiektu honetaz gain, gehiago etorriko dira, sentitzen dudalako asko daukadala kontatzeko. Gertatzen zaidana da, nire fisikoa ez zaidala gustatzen eta hori dela jendeak ikusten duena; aldiz, barrutik nolakoa naizen gustuko dut, eta horregatik proiektu gehiago egingo ditut, gizarteak ikusi dezan barrutik nolakoa naizen.
Esan dezakegu, honelako proeiktuak garun paralisia ikustarazteaz gain, zurekin enpatizatzeko eta errealitate ezberdinez jabetzeko ere badela?
Bai. Uste dut egungo gizartean beharrezkoa dela enpatia, ondokoak zer sentitu edota zer bizi duen ulertzeko. Eta iruditzen zait, modu honetara ikasi dezakegula beste modu batera maitatzen. Niri gustatuko litzaidake esaterako, zinean nire antzeko ezaugarriak eta mugak dauzkan aktore bat ikustea, edozein paper interpretatzen. Honela ez ginen hain bakarrik sentituko.
Zineman eta telebistan gutxi gara ni bezalako perfilekoak, eta hor iruditzen zait lana daukagula egiteko. Egia da, ezin ditugula edonolako interpretazioak egin, baina zergatik ez, adibidez, ingeleseko irakasle bat interpretatu garun paralisia duen batek, edota gurpildun aulkian doanak? Posible luke eta ederki egingo luke!
Zer nolako harrera eta emaitza izan du proiekzioak?
Proiekzioa ez dugu asko zabaldu, eta ez dugu ‘Youtube’ra igo. Oraindik jaialdi batzuetan bakarrik aurkeztu dugu. Baina nire inguruko jendeari eta lagunei erakutsi nien eta asko gustatu zitzaien.
Horrez gain, nire herrian, Zumaian, ‘De agua y arena’ proiekzioaren estreno modukoa egin genuen, eta sekulako jendetza etorri zen. Txalo zaparrada batekin amaitu zen saioa. Hori niretzat ederra da.
Koxka Elkarteak antolatuta ekarriko duzue Hernanira. Honelako elkarteen ekarpena beharrezkoa iruditzen zaizu?
Bai, bultzatzen dute kultura, euskara eta era berean, desgaitasuna duten pertsonei ahotsa ematen diete. Nahiz eta lan hau gaztelaniaz izan, honelako elkarteengatik, guk ere gure lana egin dugu, euskarazko azpidatziak jarriz, euskerak ere bere lekua izan dezan.
Solasaldia eskainiko duzu proiekzioa amaituta. Herritarrei zerbait aurreratu nahi diezu?
Aurreratu baino galderak egitera animatu nahi ditut. Askotan hitz egiten hasten naiz eta ez dakit kanpotik zer den interesgarria. Beraz, asko eskertuko nuke jendeak galerak egitea.
Aurten badaukazu Hernanin beste geldialdirik?
Bai, ekarriko dugu abenduan Mireia Gabilondoren antzerki bat, eta izena du: ‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?’. Antzeztuko dut Aitziber Garmendia eta Mireia Gabilondorekin batera. Komediatik eta dramatik asko dauka antzerki honek, osasun mentalaz eta suizidioaz arituko gara. Oso polita izango da, beraz, hernaniarrak animatu nahi ditut.