Auzo Biraren aurretik izango dute herritarrek ekarpenak egiteko aukera

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 8a

Azaroaren 30era arte erantzun daiteke galdetegi bat; auzo birako bilerak urtarrilean izango dira.

2026ko urtarrilean legegintzaldi honetako Auzo Biraren hirugarren aldiko saioak hasiko dira. Auzo guztietan bilera presentzialak egingo ditu Gobernu Taldeak, udalaren proiektu haundienak azaldu, auzo bakoitzean eragin zehatza duten neurriak azaldu eta auzotarren zalantzak, kexak edota ekarpenak jasotzeko.

Aurten, ordea, «formatu aldaketa» iragarri du Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak. Izan ere, atzotik azaroaren 30a arte, herritarrek ekarpenak eta proposamenak egiteko Udalak webgunean (www.hernani.eus) zintzilikatu duen galdetegi bat betetzeko aukera izango dute, «Auzo Biraren aurretik jaso nahi baititugu herritarren eta auzo elkarteen ekarpenak».

Galdetegiak hiru zati ditu: herritarrek euren ustez Auzo Birako bileran landu beharreko hiru gai proposatu ahal izango dituzte, eta auzoari zein herriari eragiten dion gai garrantzitsuena zein den adierazteko aukera izango dute. Lukasek adierazi duenez, «jasotzen diren ekarpen eta proposamenetan, komunitateari eragiten dioten gaiak lehenetsiko dira».

Auzo elkarteek ere egingo dituzte euren ekarpenak. Udala elkarteetako ordezkariekin bildu da eta auzo elkarte bakoitzak galdetegia modu kolektiboan erantzungo du.

«Ekarpena eta proposamena ahalik eta kolektiboena izan dadin, Auzo Bira zein oraingo prozesuan parte hartzera gonbidazen ditugu Hernaniko herritarrak. Auzo Birak emankorragoak izan daitezen, hernaniar guztiak zarete ongietorriak», adierazi du Aitor Lukas Partaidetza zinegotziak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!