Hartu kalea!-n, personal shopper bat estilismoarekin jolastu nahi duten herritarren bila ibiliko da

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 7a

Joseba Olagaraik, estilismoari buruzko xehetasunak emango ditu.

Moda eta osagarriak izango dira azaroaren 14ko gaia.

Hilaren 14an, ostirala, Hartu kalea! egun berezia izango da, Udalak eta Berriak elkarteak antolatuta. Hartu kalea!-ren hurrengo ostiralak moda eta osagarriak izango ditu protagonista.

Giro eta saltsa berezia sortuko da kaxkoko kaleetan. Joseba Olagarai personal shopper lanetan ariko da, estilismoarekin jolasteko gogoa duten herritarren bila ibiliko baita.

Hartu kalea! berezi honen helburua, «Hernaniko moda-eskaintza zabala erakustea eta dendarien figura balioan jartzea dira, ematen duten tratu pertsonala eta aholkularitza balioan jartzeko».

‘Total look’-ak herriko zortzi dendatan

Goiz eta arratsaldez, Joseba Olagarai personal shopper-ak beren irudiarekin eta estilismoarekin jolastu nahi duten herritarrak dendetara eramango ditu eta merkatariek total look pertsonalizatuak diseinatuko dituzte herritar horientzat. Aukeratutako arropak etxera emango dituzte.

Goizez, 10:00etan hasiko da ekimena Gudarien plazan. Arratsaldeko saioa, berriz, 16:00etan Zinkoenean. Gonbidatu berezi batzuek ere parte hartuko dute ekimen honetan.
Ekimena zuzenean jarraitzeko aukera izango da sare sozialetan (@hernaniko_plaza eta @hernanidendak instagrameko kontuetan). Herriko zortzi dendek parte hartuko dute ekimen berezi honetan: Eukene arropa-denda; Hiru haur arropa-denda; Hoki lentzeria; Laket arropa-denda; Mahuka arropa-denda; Marna osagarriak eta konplementuak; Urrats oinetakoak eta Valen arropa-denda.

 

Hartu kalea!, hilean ostiral bat ibilgailurik gabe

Hartu kalea! egitasmoa ekainean jarri zen martxan, erdiguneko bizitza komertziala hobetzeko asmoz. Urtea bukatu arte, proba pilotua da.

Hilean ostiral batez, goizeko 10:00etatik aurrera kaxkoko kaleak ibilgailuentzako itxita egoten dira, «herrigunea erosketak egiteko erosoagoa eta seguruagoa bihurtuz, merkataritza txikia sustatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!