Partidu polita jokatuko du gaur Hernaniko Ohorezko Elite mailako taldeak. Gernikaren kontrako euskal derbia izango da, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, Urbieta zelaian. Pasa den astean lortutako garaipenak bultzada eman dio Hernaniri, eta konfiantza hori baliatzen saiatuko dira Gernikan behingoz irabazteko.
Xabier Lukasek nabarmendu du «une gozoan» dagoela Hernani, baina aurrean «talde sendo bat» izango duela: «Gernika porrot haundi bat jasotzetik dator, baina ezin dugu inolaz ere gutxietsi; are gutxiago Urbietan jokatuta. Oso sendoak dira, eta derbia izanik, gogo haundiarekin aterako dira».
Ligari dagokionez, urteko azken partidua izango da gaurkoa, eta Lukasek garrantzitsutzat jo du dinamika onean joatea Kopako geldialdira: «Oso urte ona izaten ari da, eta horrela amaitu nahiko genuke. Urbietan aspaldi ez dugula garaipenik lortzen, eta arantzatxo hori atera nahiko genuke».
Aurkari gogorrak izango ditu Hernanik Kopan
Gaurko partidua jokatu ondoren ligari agur esango dio Hernanik, kopari kaixo esateko. Azaroaren 23an jokatuko du lehenengo partidua, Landaren, La Vila talde indartsuaren aurka.
Bost taldeko ligaxkan arituko dira trikoloreak, eta, orokorrean, multzo gogorra egokitu zaie. Sant Cugaten eta Cienciasen aurka etxetik kanpo jokatu beharko du Hernanik, eta etxean arituko da La Vilaren zein El Salvadorren kontra.