2026ko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa abiatuko da

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 6a

Lanak gaurtik azaroaren 26ra aurkeztu beharko dira Biteri Kultur Etxean edo 'kultura@hernani.eus '-era helbide elektronikora bidalita.

2026ko inauteriak otsailaren 13tik 16ra ospatuko dira Hernanin. Horiek iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarriko du Hernaniko Udaleko Kultura sailak aurten ere. 16 urtetik gorako edonork parte hartu dezake lehiaketa honetan.

Gaurtik azaroaren 26ra, biak barne, aurkeztu ahal izango dira lanak, Biteri Kultur Etxean edo kultura@hernani.eus-era bidalita. Inauteritako Jai Batzordeak aurkeztutakoen artean lau lan aukeratuko ditu eta horien artean, herritarrek gustukoena aukeratuko dute (bozketa herrikoia abenduaren 4tik 17ra izango da). Herritarren boto gehien jasotzen dituen kartelak iragarriko ditu 2026ko inauteriak.

Kartelaren neurria 32x48 cm-koa izango da eta ez da onartuko adimen artifizialarekin edo elkarrizketa-laguntzaile bidez sortutako lanik. Nahitaez agertu beharko du Hernaniko Inauteriak 2026 idatziak eta irudien erabilera ez-sexista bermatu beharko da. Irabazleak 700 euroko saria jasoko du: erdia eskudirutan eta beste erdia, Berriak elkarteko establezimenduetan gastatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!