«Azaroaren 7an txapelketan debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi»

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 6a

Julen Deskarga hernaniarra.

Julen Deskarga hernaniarrak gaur debutatuko du profesional mailan 20 urterekin, Galarretan, Bigarren Mailako Binakako Txapelketan. Martirenarekin batera, Susperregi eta Eskudero izango dituzte aurkari aurreneko partiduan.

Julen Deskarga (2005, Hernani) hernaniarrak gaur debutatuko du profesional mailan Binakako Bigarren Mailako Txapelketan. Martirenarekin batera arituko da Susperregi eta Eskuderoren aurka, 17.30etan. Esku pelota utzi eta gero saskia jarri eta beste bide bati ekin dio Deskargak. Erremontea, Deuston ikasten duen magisteritza eta kirola ikasketekin uztartzen du.

 

Urduritasuna nabaritzen al duzu debuta egin aurretik?

Orain arte nahiko lasai egon naiz eta oraindik ere lasai nabaritzen dut nire burua, baina pixkanaka nerbioak hasi dira agertzen.

 

Lehendabiziko partiduan Martirena izango duzu bikote, Gurrutxagaren eta Eskuderoren aurka. Nolako debuta espero duzu?

Gurrutxagak ezin du jokatu lesio baten ondorioz eta Susperregik ordezkatuko du. Bikote nahiko gogorra osatzen dute, txapelketa honetan aurkituko ditugun denak bezala. Hori bai, gogotsu nago zer moduz doakidan ikusteko eta ea irabazteko aukera dugun.

 

Noiz erabaki zenuen esku pelota utzi eta erremontean hastea?

Orain urtebete. 2024ko urrian hasi nintzen erremontean eta esku pelota utzi nuen erremontean hastearekin batera. 

 

Zer moduzko esperientzia izan da azken urte hau?

Egia esan oso polita. Hasieran oso galduta nengoen eta pelota jotzen ere ez nuen asmatzen, baina pixkanaka ikasten joan naiz entrenamenduetan. Oso gustora aurkitu naiz, gero eta gustorago.

 

Azken urtean asko entrenatuko zenuen erremontean. Txapelketan arituko diren kideen parean ikusten duzu zure burua?

Egia esan, afizionatuetatik profesionaletara maila asko aldatzen da. Pelotetan ere ezberdintasun nabariak daude. Hasieran   aldea asko nabaritzen nuen, baina konfidantza asko hartu dut eta nahiz eta sentitzen dudan mailan oraindik aldea badagoela, uste dut beraien parean jarriko naizela.

 

Afizionatuetan partidurik jokatzeko aukera izan duzu?

Ez, tamalez. Gaurko erremontean ofizialki jokatuko dudan lehenengo partidua izango da. Ea nola doan, gogo askorekin nago debutatzeko.

 

Ikasketa prozesu honetan zer izan da zailena?

Afizionatuetan sei erremontista izan gara eta entrenamenduetara bakarrik joan behar izan dut batzuetan. Lau elkartu eta partiduren bat jokatzea ez da erraza izan. Zailtasun gutxi izan dut.

 

Prozesuan zein izan da bidelagun edo maisu lanetan aritu dena?

Endika Barrenetxearekin eta Kike Elizalderekin ikasi nituen postura oinarrizkoak eta profesionaletan debuta egin aurretik Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran izan ditut bidelagun. Azkenaldian, berriz ere, Kike Elizalderekin aritzen naiz entrenatzen.

 

Aurrelaria zara. Nola erabaki zenuen hor jokatzea?

Afizionatuekin entrenatzen hasi nintzenean aurrean jarri nintzen. Esku pelotan ere aurrelari nintzen eta uste dut aurrelari izateko gaitasun gehiago ditudala. Ez naiz indarreko pelotaria, gehiago naiz abileziko pelotaria. 

 

Erremontean hasteko prozesua nolakoa izan zen?

Ez nuen inoiz pentsatu erremontean amaituko nuenik. Esku pelotan eskuko minekin hasi nintzen kadete mailan eta ez nuen bururik altxatzen. Aitak pelota ez uzteko eta erremontea probatzera animatu zidan. Endika Barrenetxearekin hitz egin eta saskia probatu genuen. 

 

Galarretara joateko ohiturarik bazenuen?

Oso gutxitan joan nintzen, pare bat aldiz. Azken urtean askotan izan naiz bertan, baina aurretik txikitan Euskal Jai Berrin izan nintzela gogoratzen dut. Donezteben badut familia, erremonte zalea.

 

Erremontea esaten den bezain zaila al da?

Zaila da benetan. Batez ere pelotak hartzen duen abiadurarengatik. Kokatzen jakitea oso zaila da. Pelota nahi den lekuan jartzea dakarren abiadurarekin ia ezinezkoa da. Distantziak hartu behar dira. Kikek asko erakutsi dit horretan.

 

Defentsa lana ere zaila izaten omen da.

Batez ere. Oso zaila izaten da pareteko defentsa eta behar bezelako posturak hartzea. Beldurra ere ematen du abiadura oso azkarrean sartzen baita pelota ezker hormara. Gehien gustatzen zaidana errematea da. Ez dakit ongi edo gaizki egiten dudan, baina gustokoen jokaldia hori da. 

 

Ez dakit inoiz horrenbeste Hernaniko erremontista inoiz izan den profesionaletan.

Bagara batzuk. Mattin Arluziaga, Aiestaran anaiak, Endika Barrenetxea... 

 

Erlazio berezia sortzen al da? Laguntzen zarete?

Endikak asko lagundu dit hona iristen. Gauza asko antolatzen ditu eta edozein zalantza galdetu eta argitzen saiatzen da, jator. Entrenamenduetan Paulo eta Aitor Aiestaran, eta Mattin Arluziagarekin oso gustora aritzen naiz. Orokorrean denak animatu didate. 

 

Erremontean profesionaletan debutatuko zenuela esan balizute orain 14 hilabete, ez zenuke sinistuko. 

Ezta pentsatu ere. Azkenengo bi edo hiru hilabeteetan pare bat aldiz deitu zidaten profesionalekin entrenatzeko eta orduan bai hasten zara pentsatzen profesional izan zaitezkeela. Izugarrizko ilusioa egin zidan eta azaroaren 7an debutatu behar nuela esan zidatenean ezin nuen sinetsi. Oso goiz iruditzen zitzaidan.

 

Gainera txapelketa batean.

Hori da. Aurreneko partidua txapelketakoa izateak suposatzen du presio gehiago izatea, baina gogo gehiago ere sortzen du.

 

Txapelketan debutatzeak esan nahi du enpresan maila ona duzula ikusi dutela?.

Ez dakit. Agian bai, baina hori denborarekin ikusiko da. Konfidantza badut eta asmatu duten edo ez, jokatu ahala ikusiko da.

 

Harmailetatik animoak ez dira faltako.

Jende pixkat gerturatuko da animatzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!