Lekuonak 'Nepal eta Himalaya-Amets bat' gaur aurkeztuko du

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 5a

Mendizale Astearen barruan proiekzioa 19:30etan hasiko da Biteri kultur etxean.

Mendizale Astea azken bi egunetara iritsiko da gaur gertukotasuna izango duen proiekzio batekin, nahiz eta ametsa kilometro askotara gauzatu. Mendiriz Mendiko kide den Julen Lekuonak aurkeztuko du, 19:30etatik aurrera Nepal eta Himalaya - Amets bat izenburupean proiekzioa.

Horretarako Larraitz Uriaren laguntza izan du Lekuonak eta bertan 2024ko maiatzean egindako bidaia kontatuko du, batez ere egindako Manasluko trekking-a. «Garrantzitsuena izan da bidaia horren zergaitia», aipatzen du Lekuonak.

Atzoko saioan Juan Mari Ansa mendizaleak, bere ikus-entzunezko eta liburuan (El Circo de Lescun, unas montañas de ensueño), inguruneko gailur garrantzitsuenetako igoerak erakutsi zituen, hala nola Anie, Hiru Erregeen Mahaia, Petrechema edo Acherito. Bestalde, bigarren atal batean, artzaintzarekin lotutako zenbait kultur gai, Le Chemin de la Mâture, Ansabère-ko orratzetara igotzearen gorabeherak edota Bigarren Mundu Gerran zehar “Passeurs”; eta iheslarien istorioak ere jorratu zituen Ansak.

 

Bihar itxiko da Mendizale Astea gaztetxoekin

Mendizale Astea bihar itxiko da 18:00etan hasiko den ekitaldiarekin. Bertan, Gaztetxoen irteeretako argazkien bilduma berezia ikusteko aukera izango da eta, jarraian dominak banatuko dituzte. XLVI Argazki digitalen lehiaketa eta sari banaketa ere egingo da. 

Amaitzeko, ondoren, elkarteak urtean zehar egindako jardueren irudiak proiektatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!