Hernaniko Arraun Elkarteak, gaur batzar irekia

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 5a

Hernaniko Arraun Elkartearen etorkizuna bermatu, eta ibilbideari jarraipena emateko, Arraun Elkarteko zuzendaritzak, batzar irekia egingo du gaur osteguna, arratsaldeko 18:30etan, Biteri Kultur Etxean. Kirola maite, eta Arraun Elkarteari laguntzeko prest dauden pertsona guztiei dago luzatua bilera irekia.

Ekimen guztietan bezala, «berrikuntza eta hauspoa dira proiektuek iraun dezaten ezinbesteko gakoa. Lan talde eder bat ezean, urte osoko lanari eustea, ezinezkoa da, eta noski, kaltetuak, arraunlariak izango dira. Hau da, eskuartean dugun harrobi oparoa».

Klubaren jarduna azken urteetan zehar ez da samurra izan. «Azpimarratzekoa da, batel zein trainerilletan, gazte mailan, eginiko esfortzua, eta lorturiko emaitza bikainak. Ibarluze poligonoko egoitza harrobiko lanean murgilduta dago, eta ontzi eta arraunen biltegia, arraunean ikasteko fosoa, eta gimnasioa dira esfortzu horren lekuko. Hori guztia, arraunlari, entrenatzaile, guraso, herritar, erakunde eta babesleen laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke».

Batel eta trainerillez gain, ‘Maialen’ emakumeen trainerua «txapelketa ezberdinetan tinko parte hartzen ari da azken urteotan. Ahalegina bere fruitua ematen ari da. Eta emango ditu». Bultzada horren bila, eta berrindartzeko, antolatu da  batzarra eta «gonbidatu nahi ditu gure herriko arraunlari ohi, arraun-zale eta kirolariak, hau da, datozen erronkei begira, klubari hauspoa eman nahiko lioketen pertsona guztiak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!