Iñaxio Sanz mendizale eta eragile hernaniarra hil da, 74 urterekin

Kronika - Erredakzioa 2025eko azaroaren 5a

Gaur hil da, 74 urterekin, Iñaxio Sanz Zalakain hernaniarra, mendizaletasunean eta beste hainbat arlotan eragile aktibo izandakoa. 1991tik 2014ra izan zen Mendiriz Mendi elkarteko kide aktiboa, eta baita presidentea ere, aurreneko bi urteetan, elkartea desagertzear zegoela berreskuratu zutenean. Garai hartan, mendi irteerak antolatzen hasi ziren astebururo, eskolekin batera gaztetxoentzat irteerak prestatzen ere bai, eta Mugarri Festa berreskuratu zuten, Udalarekin batera. 25 urtetan 125 ibilbide antolatu zituen Sanzek, eta Hernaniko Ibilbide Sarearen egilea izan zen, Udalarekin eta Aranzadirekin batera. 'Hernani ezagutuz' ibilbide gidatuen antolatzaile ere izan zen, eta herriko ibilbide laburren liburuxka kaleratu du berriki. Horietako asko, Kronikan argitaratu zituen aurretik, 2023an zehar. Horrez gain, 1971an eta 1972an euskera klaseak eman zituen Hernaniko gau eskolan, 25 urtez izan zen Elur Txoriko sagardo lehiaketaren antolakuntzan, Kaldereroen antolaketan ere hartu zuen parte, eta Hernani-Leitza martxarenean aritu zen 42 urtez. 1982an Hernanin Kilometroak izan zirenean ere, antolakuntza taldean izan zen. Hernaniko Urtekariaren koordinazio eta aholkularitza lanetan aritu zen 15 urtez, eta baita hainbat artikulu argitaratu ere. Hernani Kirol Saria jaso zuen 2016an, bere kirol ibilbidearen errekonozimendu gisa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!