Dultzaineroekin jotzeko danbor ikastaroa antolatu dute Hernani Musika Eskola Publikoak eta Hernaniko Soinua elkarteak. Uztai altuko eta larru estuko danborrak izaten dira horiek, eta teknika berezia behar dute, «makilak erabiltzeko jarreragatik eta ohituraz erredoble gainean osatzen dituelako erritmo gehientsuenak».
Enaitz Mendizabalek eskainiko du ikastaroa, eta azaroaren 10ean hasiko dira saioak, Sandiusterrin. Astelehenetan izango dira. Izenemate epea zabalik dago 100 euroan, plazak bete arte; eta Musika Eskolan (Atzieta 4) egin behar da, 12:30etatik 14:00etara eta 15:30etatik 20:00etara.
10 urtetik gorako haur zein helduei zuzenduta dago, eta bi talde osatuko dituzte: lehenengoan hasiberriak (19:15-20:00) eta bigarrenean erredoblearen teknika ezagutzen dutenak (20:00-20:45). 20 saio izango dira bi kasuetan, eta lau lagunentzat dago tokia talde bakoitzean.