Txakur kakak biltzeko hamar edukiontzi jarri ditu Hernaniko Udalak txakurrak paseatzeko guneetan

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 4a

Aitor Lukas zinegotzia, txakurrarekin.

«Herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko» kanpaina jarri du martxan Hernaniko Udalak, txakurrekin sortutako tirabirak ekiditeko. 

Txakur kakak biltzeko hamar edukiontzi berri ditu Hernanik. Udalak martxan jarri berri duen kanpainaren parte dira edukiontziak, «txakurrekin tarteka suertatzen diren gaizki-ulertuak hobetzeko». 

Aitor Lukas partaidetza zinegotziak azaldu ditu kanpainaren nondik norakoak: «Txakurra ongi zaintzea eta gainerako herritarrekin elkarbizitza bermatzea jabearen ardura da. Elkarbizitza arazoa izan ohi dira txakur kakak». Auzo Birako bileretan jasotako informazioarekin prestatu dute kanpaina, eta ideia nagusiak errazago sozializatzeko dekalogo bat osatu dute. 

Zakarrontzien kokalekuak aukeratzeko inguru bakoitzaren azterketa egiten ahalegindu da Udala, txakur jabeei «erraztasunak» emateko: «Ahalegindu gara txakurrak paseora eramateko gune nagusiak direnak identifikatzen».

Edukiontziak dagoeneko jarri dituzte identifikatutako guneetan, eta erabilgarri daude jada.

DEKALOGOA

1) Jaso txakur kakak

2) Erabili edukiontziak

3) Txakurrak mikrotxipekin identifikatu

4) Leku publikoetan txakurrak kontrolpean eduki

5) Txakur arriskutsuak, lotuta

6) Txakur arriskutsuak, muturrekoarekin

7) Txakurrak aske uzteko parke eta eremuak erabili

8) Errespetatu ordutegiak

9) Txakurraren ardura hartu

10) Herritarrak errespetatu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!