Gernika Palestina herri ekimenak, Oriamendik eta zenbait pelota klubek antolatuta, Palestinaren aldeko pelota jaialdia egingo dute Galarretan, datorren azaroaren 23an.
Jaialdiaren helburu nagusia izango da «Palestinako herriari laguntza humanitario zuzena ematea»: «Jaialdi honen baliorik haundiena Euskal Herriaren batasun eta elkartasun espiritua da, eta gonbidapena luzatu diegu elkarte, talde sozial, ikasle-talde, musika talde eta norbanako guztiei ekimenera batu daitezen. Helburua da ahalik eta babes eta laguntza haundiena lortzea Palestinako herriarentzat», azaldu dute.
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude, 10 euroren truke, www.oriamendi.eus webgunean. Salmentatik lortzen den diru guztia Palestinara bideratuko dute.
Hiru modalitate, jaialdi berean
Galarretako harmailak goraino betetzeko moduko jaialdia prestatu dute antolatzaile guztien artean, euskal pelotaren hiru modalitate uztartuta: esku pelota, zesta punta eta erremontea.
Arratsaldeko 16:15etan zabalduko dituzte Galarretako ateak, eta 17:00etan hasiko da esku pelota partidua. Xabi Apaolaza hernaniarra eta Ibai Zabala, Mikel Goñiren eta Iker Elizegiren aurka arituko dira.
Jarraian, zesta puntako partidua jokatuko dute. Kasu honetan, Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Elaia Gojenolaren eta Maia Goikoetxearen aurka jokatuko dute.
Jaialdia borobiltzeko, Galarretako kantxan ohikoak diren protagonistak arituko dira. Imanol Ansa eta Aitor Aiestaran hernaniarra, Ander Goikoetxearen eta Iban Larrañagaren kontra.
«Jaialdi hau euskal kulturaren eta elkartasunaren adierazpena izatea nahi dugu», adierazi dute antolatzaileek.
PALESTINAREN ALDEKO JAIALDIA
Esku pelota
Xabi Apaolaza-Ibai Zabala
Mikel Goñi-Iker Elizegi
Zesta punta
Erika Mugartegi-Arai Lejardi
Elaia Gojenola-Maia Goikoetxea
Erremontea
Ansa II-Aiestaran VI
Goikoetxea V-Larrañaga