Doberaren Kromiki Lehiaketak seigarren edizoa beteko du aurten

Iñigo Goñi Iradi 2025eko azaroaren 3a

Pasa den urteko sari banaketa ekitaldiko argazkia.

Dagoeneko aurkeztu daitezke lanak azaroaren 9ra arte, euskarri fisikoan nahiz digitalki, Larramendi 11n edota 'dobera@dobera.eus' helbidean.

Dobera Euskara Elkarteak seigarren urtez ospatuko du Kromiki lehiaketa. Haur, gazte nahiz helduentzat da, eta euskerazko komikigintza sustatzeaz gain, euskal kultura, sorkuntza eta irakurzaletasuna bultzatzeko helburua du. Azaroaren 9ra arte aurkeztu daitezke lanak, euskarri fisikoan nahiz digitalki.

Egile bakoitzak jatorrizko ale bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketan, eta hiru adin tarteetan banatuko da ekimena: haurrak, 6-11 urte bitartekoak; gazteak, 12-17 urte bitartekoak; eta, helduak, 18 urtetik gorakoak. Haurren kasuan, ez da lehiaketarik egingo, hainbat sari zozketatuko dira. Gazteen eta helduen kasuan, berriz, kromiki onenari emango zaio saria.
 

Oinarriak eta sariak

Kromikiak Hernanirekin zerikusia izan beharko du, eta ez du aldez aurretik beste inon aurkeztua izan behar. Euskeraz idatzia izan beharko du ezinbestean, eta 26 x 7,3 cm-ko tamainan (Kronikan ateratzen diren kromikien tamainan). Egileak aukeratutako estiloan, eta zuri-beltzean zein koloretan egin ahal izango da.

Beraz, lehiaketaren helburu nagusietako bat euskerazko komikigintza sustatzea izanik, euskeraz ez dauden lanak baztertu egingo dituzte, eta kromiki muturik ez da onartuko. Bestalde, umore edo kutsu matxista, arrazista eta homofoboa duten lanak ez dira onartuko.

Lanak aurkezteko azkeneko eguna, azaroaren 9a izango da. Ezinbestekoa izango da egilearen datuak adieraztea; besteak beste, izen-abizenak, telefono zenbakia, adina eta posta elektronikoa.

Adin tarte bakoitzean bana aukeratuko dute epaimahaiko kideek. Horretarako, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan: istorioaren eta ilustrazioaren originaltasuna, eta zuzentasuna. Kalitatearen arabera, epaimahaiak sariak eman gabe utzi ditzake.

Saria adin tarte guztietan berdina izango da: azaroaren 21eko eta 22ko Komiki Azokan erabiltzeko opari txekea. Haurren kasuan, zozketa bidez banatuko dira sariak, eta gazteen eta helduen kasuan, berriz, kromiki irabazleari emango zaio. 

Aurkeztutako Kromiki guztiak Udal Liburutegiak antolatutako Komiki Azokan egongo dira ikusgai, eta sari banaketa ere bertan egingo da, azaroaren 21ean. Sarituei aurretik jakinaraziko zaie. Saria eskuratzeko nahitaez sari banaketa ekitaldira etorri beharko da, pisuzko arrazoiren bat ez bada tartean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!